Materialismoa

Materialismoa munduan eta unibertsoan materia beste ezer ez dagoela baieztatzen duen ikuskera filosofiko orokorra da, materiatzat hartuz espazio jakin batean une jakin batean existitzen den zerbait (eta ez formarekin batera aztertu ohi den materiaren kontzeptu aristotelikoa). Materialismoaren baitan hainbat joera eta teoria biltzen dira: lehenengo teoria materialistak Leuzipo eta Demokrito filosofo presokratikoek, estoikoek eta Epikurok plazaratu zituzten; baina Aro Modernotik aurrera nagusitu ziren Mendebaldeko pentsaeran ikuskera materialistak, enpirismoaren, positibismoaren eta zientismoaren inguruan. Marxismoaren oinarri diren materialismo historikoa, gizartea eta historiaren bilakaera kondizio materialen mendean daudela baieztatzen duena, eta ondorengo materialismo dialektikoa, materia kontzientziaren gainetik dagoela aldezten duena, materialismoaren aldaerak dira orobat.