Merkantilismoa

Merkantilismoa XV. mendearen erditik XVIII. mendearen hasiera arte Europako herrialdeetan nagusitu zen doktrina eta praktika ekonomikoa izan zen, bereziki protekzionismoa aldezten zuena nazioko ekonomia sustatzeko.

XV. mendeko goraldi ekonomikoarekin batera, monarkia zentralizatuak joan ziren indartzen Europan, euren sostengurako baliabide oparoak behar zituztenak. Erdi Aroko moderazio-izpiritua gaindituz, aberaste indibiduala eta nazionala lehenetsi egin ziren, eta horretan eragina izan zuten zalantzarik gabe Amerikaren aurkikuntzak zabaldu zituzten aukera berriek zein Berpizkundearen eta Erreformaren pentsamolde berriek. Garaiko pentsamolde berriei erantzuneko, merkantilismoak doktrina ekonomiko ekarri zuen:

  • helburutzat nazioko abesrastasuna handitzea bilatzen zen, beste nazioetako arazoetaz arduratu gabe;
  • ekonomia eta politika uztartu egiten zituzten, ekonomia monarkia sendotzeko tresnatzat hartuz eta politika, eta botere militarra, ekonomia sustatzeko ere baliatuz;
  • industria eta merkataritza lehenesten zituzten, nekazaritzaren aldean;
  • nazioa abestasteko, metal preziatuak eskuratu beharra aldezten zuten, eta horretarako merkataritza-balantza positiboa (esportazioak inportazioak baino gehiago izatea, alegia) gomendatzen zuten bereziki; horretarako, protekzionismoa gomendatzen zuten: arantzeleak ezartzea inportazioei, eta esportazioak bultzatzea;
  • esportazioak bultzatzeko, koloniak zabaldu behar ziren, eta hortik ulertzen da garaiko monarkien politika espantsionista;
  • lan-indarra ugaldu eta soldatak baxuak izatea gomendatzen zuten, industria garatu eta nazioartean lehiakorra izateko.

Merkantilismoaren teoriko nabarmenak izan ziren Thomas Mun (1571-1641), Josiah Child (1630-1699), Jean Bodin (1530-1596),  Antoine de Montchrestien (1575-1621), William Petty (1623-1687) eta Jean-Baptiste Colbert (1619-1683). Hala ere, pentsalari horiek iritzi aski desberdinak izaten zituzten, eta hala zenbait eskola sortu ziren merkantilismoaren baitan:

  • Inglaterran eta Herbehereetan, protekzionismo zorrotzaren aurkakoak eta liberalismo baten aldekoak izan ziren, negozio-gizonen rola nabarmentzen zuten, eta ez hainbeste estatu-gizonena;
  • Frantzian, estatuaren esku hartzea gomendatzen zuten merkantilistek;
  • Italian eta Espainian, Eliza Katolikoaren eraginez, ez zen guztiz baztertu Erdi Aroko etika ekonomikoa;
  • Alemanian, zerga-bilketa nabarmendu zuten estatua finantzatzeko, eskola kameralistaren baitan (kameralistak Alemaniako goi funtzionarioak ziren).

Edonola ere, praktikan bereziki Frantzian eta Inglaterran nagusitu zen merkantilismoa. XVIII. mendetik aurrera, ordea, nazio barruko merkataritzarako metal preziatuen erabilera gutxitzen joan zen, billeteen ugaltzearen ondorioz; horrekin batera, Ilustrazioaren idealei jarraiki, monarkia zentralizatuen interbentzionismo ekonomikoa kolokan jarri zen. Horrek guztiak merkantilismoaren gainbehera eragin eta doktrina ekonomiko berriak ekarri zuen, hala liberalismoa, merkantilismoaren protekzionismoaren aurkakoa, eta fisiokrazia. 1

Erreferentziak

1.
Simón Segura F. Políticas y prácticas del mercantilismo (VIII). In: Historia Económica, Mundial Y de España. UNED; 1979:1-12.