Merkatu-kuota

Merkatu kuota bere sektore edo merkatuan enpresa batek hartzen dituen salmenten portzentaje edo proportzioa da. Honela kalkulatzen da:

    \[\text{merkatu-kuota}=\cfrac{\text{enpresaren salmentak}}{\text{merkatuko salmenta totalak}}\]

Salmentak unitatetan edo dirutan jaso daitezke. Merkatu osoan enpresak hartzen dituen bezeroen porportzioa ere izan daiteke. Dena den, ohikoena salmentak dirutan jasotzea da.

Merkatu-kuota zehatz batera heltzea enpresek planteatzen dituzten helburuetako bat izaten da, enpresen helburua haztea izaten denez. Hala ere, ezin da baieztatu merkatu-kuota handia izatea beti komenigarria denik: enpresa merkatu-kuota handiarekin nahiz txikiarekin izan daiteke errentagarri (edo ez).

Merkatu bateko enpresen kuotek enpresek sektore horretan jokatzen dituzten rolak islatzen dituzte: merkatu-kuota handia dutenak merkatuko liderrak direla esaten da, eta marketin-gastu handienak eta banakuntza-sare handiena dutenak izaten dira. Berriz, merkatu-kuota apala dutenak, merkatu-kuota handiago batera heltzeko asmorik gabe, nitxoko enpresak dira, bezero-multzo zehatz eta espezifiko baten beharrak asetzen dituztenak.

Beste alde batetik, enpresa bakar batek merkatu-kuota osoa edo ia osoa bereganatzen duenean, merkatua monopolio egoeran dagoela esaten da. Berriz, merkatua enpresa bakan batzuen artean banatzen denean, denak merkatu-kuota nabarmenekin, merkatuak oligopolioa osatzen duela esaten da.