Nash oreka

Joko-teorian, Nash oreka joko batean oreka egoera definitzen duen puntua da. Oreka horretan, joko edo lehia bateko partehartzaileetako bakoitzak ezin du espero bere etekina berak hartutako erabakia aldatuz hobetuko denik, murriztuko dela edo, kasurik onenean, berdina izango dela baizik. Hala, jokalariek hartutako erabakiak atxikitzeko izango dute, eta hortik dator egoeraren oreka-izaera. Izena John Nash matematikariarengandik hartzen du, 1951 urtean kontzeptua matematikoki definitu baitzuen, lehenago Augustin Cournot ekonomialariak XIX mendean eta John von Neumann-ek eta Oskar Morgenstern-ek The Theory of Games and Economic Behavior liburuan (1944) ere kontzeptua baliatu zuten arren. Joko batean Nash oreka anitz izan daiteke.

Presoaren dilema Nash orekaren ohiko adibide bat da, aldi berean oreka horren eragozpenak azaltzen dituena: presoaren dilemaren jokoan bi jokalariek modu ez-kooperatiboan erabaki beharko luketela ezartzen du Nash orekak; baina era kooperatiboan, adostasunez, erabakiko balute, biak irabazten aterako lirateke; kasu horretan, beraz, Nash oreka ez da Paretoren optimoa. Baina jokalariek (presoek, alegia) badute arrazoirik modu ez-kooperatiboan jokatzeko: beste jokalariarekiko mesfidantza, adostasunezko ituna alde bakar batek hautsi badu, joko osoko irabazi handiena eskuratzen da, eta adostasuna errespetatzen duena, txikiena.