Nihilismoa

Historian eskola filosofikoaren arabera esanahia aldatu duen arren, orokorrean nihilismoa eszeptizismo moralarekin - balio moralak arrazoiz justifikatu ezin direla baieztatzen duen jarrerarekin - eta bizitzaren zentzu ezarekin lotzen den jarrera filosofikoa da. XIX. mendeko bigarren erdialdean sortu zen Errusian, joera politiko moduan, Jainkoaren existentziaren, tradizioaren eta agintearen aurka, baina kutsu politikoa galduz eta egungo esanahi filosofikoa hartuz zabaldu zen Europara eta Amarikara. Nihilismo epistemologikoa (ezinezkoa da ezer ezagutzea), antzinatik datorren eszeptizismoarekin loturik, ontologikoa (inon ez dago ezer), axiologikoa (ezerk ez du ezer balio) eta praxiologikoa (ezer egitea alperrikakoa da) ere bereizi dira. 1

Jarrera filosofiko moduan, Friedich Nietzsche (1844-1900) filosofoarekin lotzen da bereziki. Harentzat, munduak ematen dizkiogun itxura eta ordena besterik ez ditu; hala, arrazoia alperrikakoa eta balio moralak hutsalak direla ondorioztatzen du. Nihilismoaren goraldi iraultzailea eta ondorioz egia sakratuetan oinarritutako Mendebaldeko zibilizazioaren hondamena aurreikusten zituen. Oswald Spengler-ek Mendebaldeko gainbehera (1926) lanean zibilizazioen gainbehera nihilismo-garaietan gertatzen zirela adierazi zuen, eta Martin Heidegger-ek gizakiaren berezko egoeratzat hartu zuen. Beranduago, nihilismoa bizitzaren hutsarekin parekatu da, existentzialismoaren baitan. Ildo horretatik, gizarte industrializatu gizagabe eta alienatuetan gauzatzen den joeratzat ere hartu da. XX. mendearen bukaeran, nihilismoa postmodernitatearekin lotu da, guztiz axolagabea eta konformista den gizartearekin, eta antifundazionalismoarekin, printzipio orokorren oinarria ukatzen duen jarrera filosofikoa, zeinaren ordezkari nabarmenak izan diren Jacques Derrida eta Michel Foucault. 2 3

Literaturan, nihilismoa gai aski jorratua izan da. Nihilismo ateista jorratzen du Fedor Dostoievski-k Karamazov anaiak (1880) eleberrian; gizagabetzearen ondorioz gertatzen den egoera gisa, berriz, nihilismoa Robert Musil-en Ezaugarririk gabeko gizona (1930) eta Franz Kafka-ren Prozesua (1925) eleberrietan agertzen da.

Erreferentziak

1.
Bunge M. Diccionario de Filosofía. In: Nihilismo. ; 2001:150.
2.
Pratt A. Nihilism | Internet Encyclopedia of Philosophy. Internet Encyclopedia of Philosophy. http://www.iep.utm.edu/nihilism/. Accessed March 21, 2017.
3.
Olson RG. Nihilism. In: Encyclopedia of Philosophy. Vol 6. ; 2006:617-620.