Nola heldu naiz ni honaino

Nola heldu naiz ni honaino Kattalin Minerrek idatziriko lehen eleberria, laburra, 2017an plazaraturikoa, horrekin Igartza saria irabazi ondoren. Eleberria bizimodu eroso eta arrakastatsua daraman emakume baten gorabeheretan ardazten da. Maskara bat jantzita, bere bizitzaren erabakiak hartu ezinik, eta bere aldetik espero den rola jokatzeaz akiturik, ustekabeko gertaera batek hori guztia irauli eta egun batzuk Erroman bakarrik igarotzera eramango du, non bere buruaren benetako izaerarekin topo egingo duen, harreman bat eta topaketa harrigarri bat tarteko. Egungo gizarte kritika zorrotza egiteaz bat, gizarte rolak, feminismoa eta lesbianismoa ere lantzen dira eleberrian.

Haria

Jezabel emakume gazte bat da, hogeitamar urte ingurukoa da. Lantokian hierarkia goragoko lanpostua eskuratu berri du, soldata handiagorekin, eta hil berri den osaba baten herentzia zatia jasotzearekin batera. Herentziaren eta hipoteka batez lortutako diruarekin osatu pisua erosten du, besterik gabe inbertsio ona omen delako, horretarako konbentzimendu handirik gabe. Hipotekarekin batera, opari batzuk eskaintzen dizkiote aukeran. Bankuko langilearekin duen harremanak matxismo subliminala kritikatzeko aukera ematen dio. Oparietako bat aukeratu beharrak eta hedabideetan behin eta berriz aipatzen den Ane neska euskaldun desagertu baten kasua buruan etengabe (eta eleberria bukatu arte, modu obsesiboan) dabilzkiolarik, eguneroko bizimoduarekin jarraitzen du, noiz edo noiz tabernaz taberna, gero eta gogaikarriago dituen lagunak topatuz, batzuetan mozkortu eta biharamuneko ajeekin lanera bueltatuz. Bakarrik bizi da, eta familia heterosexual tipikoak kritikatzen ditu, nola korronte ezezagun batek ermaten dituen horien bizimodua, "nola heldu naiz ni honaino" galdetzera eraman behar lituzkeena. Luzia da haren aspaldiko harreman utzia, orain lagun duena. Elkarrekin geratzen dira afaltzeko haren etxean, eta azkenean amodioa egiten duet, berotasun handirik gabe Jezabel aldetik, bere aldetik amaierara ez heltzea erabakitzen duena. Gorrotatzen duen lantokiko lankide faltsu eta hutsaren giroan, Aste Santuko oporrei mintzo dira, berak bankuko oparien aukeraren zuloan jarraitzen duen bitartean.  Oporretan, Erromako kongresu profesional batera joatekoa da, baina nola ulertu ezinean, galdu egiten du hegaldia, etxean lo hartuta geratu denez. Bere buruarekin amorraturik, dutxa hartzen ari dela erori, konortea galdu eta kolpea hartzen du begian. Bere onera itzultzen denean, osaba etortzen zaio akordura, nola egungo gazteak kezkatuegi bizi direla esaten zuen, eta aukera guztiak edukita ere, beti aukeratu beharrak ito egiten dituela, zoriontsu izateko aukera kenduz azkenean. Luziari deitzen dio, une horretan helduleku bat behar duenez, hegaldia galdu kontatzeko. Laguna laguntzera eta biharamuneko hegaldia hartzera animatzen du. Orduan, gogoratzen du garai batean biak nola jatetxe batera joan ziren, eta itota sentitu zela Luziak etengabe egiten zituen gomendioak direla eta. Nolabait, beti haren esanetara edo hura ongi sentitzea bilatu nahian, bizi izan dela ikusten du. Eta orduan, etxetik bidaltzen du zakar, Luzia negar batean utziz. Erromarantz, best-seller-a erosten du (itxuraz, "Grey-ren 50 itzal" izan daitekeena), dituen aurreiritzien aurka, eta askatasun-ariketa bezala ulertu daitekeena. Erromara heldutakoan, kongresura ez joatea erabakitzen du, eta egun horiek beretzat bizi nahi dituela. Kongresukideen artean ez ibiltzeko, hotela aldatu ere egiten du. Eta garai batean Erroma bisitatu zueneko hotel txikia aurkitzen du. Ohean etzaten da, nekatuta, eta plazerez, masturbatzeko gogoa pizten zaio, eta horrek ikasle garaiko harreman grinatsu baten oroitzapena dakarkio. Azkenean, ordea, masturbatzeko ideia baztertu eta kalera doa, txortan aritzeko pertsona baten bila. Terraza batean dagoela, Anci izeneko neska bat ezagutzen du, eta berehalako konplizitatez, Jezabelek 200 euro eskaintzen dizkio neskari berarekin oheratzeko, txortaldia nolakoa izan behar den zehaztuz, sexu-harremanaz haratago inongo inplikaziorik gabe. Neskak onartu egiten du sexu-harremanean zehar egin behar dizkionen unea berak erabakiko duela baldintzarekin. Txortaldi grinatsua egiten dute adostu bezala, eta lo hartu eta berriz esnatzean, berriz ere egiten dute, baina maitasunez orduan, tratuan erabakitakoaz bestera. Jezabelek garbi ikusten du orduan ez dela gauza maitasunik gabeko harremanak izateko. 200 euroak utzi eta alde egiten du, neska lo utzita. Hotelera heldu, eta Erroma lasai gozatuz pasako du, itzultzeko unea heldu arte. Osabarekin gogoratzen da, txikitan harekin eta bere familiarekin nola pasatzen zituzten oporrak Donostian, eta nola pena ematen zioten Aquariumeko arrainek, preso bizi direlako. Nola egun batean desagertu egin zen, bera bere arrainontzitik atera hanhian, eta hainbat urtetan hala ibili zela, eta azkenean bueltatu zela, familiaren sufrimenduaren prezioaren buelta jasoz. Erroman egongo den azken goizean, ezaguna zaion, ez daki zergatik, neska bat ikusten du ilaran. Biek izen faltsua ematen dute, Maria, kafea eskatzerakoan. Atera eta gero, neska inguratu egiten zaio eta ikusi egin duela inori ez esateko eskatzen dio. Ane da, Euskal Herrian desagerturiko neska. Negarrez lehertzen da Jezabel eta neska kontsolatzen du; alperrik, osaba eta Ane parekatu egiten ditu, eta denok arrainontzi batean bizita ere, onartu beharra dagoela patua hori dela, bizitzari aurre egin behar zaiola, erabakiak hartuz egunero, ihes egin gabe. Popatik hartzera bidaltzen du neska. Itzultzean, lantokiko lankideak eta Parte Zaharreko lagunak topatzen ditu berriro, pozik, beren gabezia eta akatsekin haiekin jarraitu nahi duelako, eta lanean ere bai.