Noumenoak eta fenomenoak

Kant-en filosofian, noumenoa eta fenomenoa objektuen bi ikuspegi dira, ezagutzaren mugak finkatzeko baliatzen direnak. Objektuak esperientziatik edo zentzumenetatik azaltzen direnean, fenomenoak dira (antzinako grezierako φαινόμενoν hitzetik, "itxura", "azalpena"); berriz, objektuak adimen hutsez agertzen direnean (hots, zentzu positiboan) edo esperientziatik at (hots, zentzu negatiboan) noumenoak dira (νοούμενoν hitzetik, "pentsatua"; nous hitzarekin ere lotua, "adimena").  Bereizketa ezagutza noraino hel daitekeen finkatzeko ezartzen da: noumenoak adimenezko objektuak dira soilik (Jainkoa eta askatasuna, adibidez; baina baita ere, objektu oro, bere horretan, esperientziarik gabe), eta zentzumenetatik eta esperientziatik at daudenez, arrazoi teorikotik kanpo kokatu behar dira eta soilik arrazoi praktikoan dute lekua. Horrela, noumenoa objekturik gabeko kontzeptua litzateke, fenomenoak berak, ezagutzak finean, ukatzen duena.