Panteismoa

Panteismoa (antzinako grezierako pan, "dena"; eta theos, "Jainkoa", hitzetatik) Jainkoa eta kosmosa, unibertsoa, natura edo mundua identifikatzen dituen eta ontologikoki berdinak direla dioen doktrina erlijioso eta filosofikoa da. Bereizi behar da panenteismotik, Jainkoa munduan eta mundua Jainkoarengan dagoela baieztatzen dituen hartatik. Terminoa 1705 urtean, John Toland librepentsalariaren eskutik, sortu bazen ere, antzinatik onartu izan den doktrina izan da, aldaera ezberdinetan eta erlijio eta eskola filosofiko aski ezberdinetatik. Doktrina monisten barruan garatu da batzuetan, eta panpsikismoarekin ere lotu da. Arlo filosofikoan, Baruch Spinoza (1632-1677) izan da teoria panteista osatuena eman zuena.

Panteismoaren aldaera batean errealitate guztia jainkotiarra dela baieztatzen da; horren, mundua jainkoaren agerpen bat, teofania bat alegia, lizateke. Panteismo naturalista deitzen den aldaeran, berriz, natura errealitate bakarra litzateke, eta Jainkoarekin identifikatzean, naturak autokontzientzia duela baieztatzen da.

Beste alde batetik, bi motako argudioak adierazi dira panteismoaren alde: batetik, a posteriori argudioek, esperientzia erlijiosoarekin loturik, kosmosarekiko lilura eta gurtza jartzen dituzte agerian, eta hala Jainkoaren presentzia nonahikoa dela aldarrikatzen dute; a priori argudio filosofikoak, berriz, kosmosaren eta Jainkoaren identitatea frogatzen saiatzen dira. Spinozak substantziaren definiziotik, bakarra, infinitua, eta bere kausa bera dela ondorioztatu zuen, eta definizio eta ondorio horietatik Jainkoarekin bat datorrela azaldu zuen; dena den, gauzak substanzia hori, natura naturans eskolastikaren terminoetan,  agertzeko moduak lirateke, natura naturata alegia, eta horrela Spinozarena panteismoa baino panenteismoa litzateke. 1

Spinozataz gainera, anitz izan dira filosofo panteistak, ikuspuntu ezberdinak eman badituzte ere: Heraklitok jainkotiarra gauza guztietan zegoela esan zuen; Plotino Jainkoa munduan zegoela adierazi zuen, mundutik aparte dagoen zerbait arren, Jainkoaren transzendentzia eta immanentzia bateratuz horrela; eta Giordano di Brunok unibertsoa monada primitibo baten bilakaera zela adierazi zuen, unibersoaren ex nihilo edo hutsetik sortu izana ukatuta.

Erreferentziak

1.
Mander W. Pantheism. Stanford Encyclopedia of Philosophy. https://plato.stanford.edu/entries/pantheism/. Published 2016(e)ko .