Parmenides

Parmenides Eleakoa (ca. K.a. 515 - ca. K.a. 450) Antzinako Greziako filosofoa izan zen, Izatea gogoeta-gai izan zuena. Filosofo presokratikoen artean kokatzen da, eta haien artean Eskola Eleatikoan. Bere bizitzari buruz heldu zaizkigun datu eskasak Platonen Parmenides solasaldian eta Diogenes Laertzioren Filosofoen bizitzak bilduman jasotzen dira. Bere pentsamendu filosofikoa berak idatziriko Peri physeos olerkian biltzen da, baina lan horretatik zati gutxi batzuk soilik heldu zaizkigu.

Izatea

Parmenidesen arabera, filosofo presokratikoek gai nagusitzat zuten arkhe edo printzipioa Izatea da. Izatea bakarra, sorrerarik gabea eta betierekoa, zatiezina eta aldaezina. Izan ere,

  • bat, izateaz gainera beste zerbait balitz, ez-izatea bailitzateke, eta hori ezin liteke;
  • sorrerarik gabe eta betierekoa, inoiz sortu edo bukatuko balitz, ez-izatea izango litzatekeelako orduan, eta hori ere ezin liteke;
  • zatiezina, zatitzerik izango balitz, zatien artean ez-izatea sortuko litzateke, eta hori ezin liteke;
  • aldaezina, aldaketa balitz, beste zerbait izango litzatekeelako, ez-izatea alegia, eta hori ezin liteke.

Bi bideak: doxa eta aletheia

Parmenidesek bi bide bereizi zituen pentsatzerakoan: doxa edo iritziaren bidea. eta aletheia edo egiaren bidea. Doxa edo iritziaren bidea zentzumenek erakusten digutena da. Zentzumenek erakusten diguten gauzen aldaketak baliagarriak izango dira ezagutzara heltzeko baldin eta Izatea ulertzera eramaten bagaituzte. Aletheia edo egiaren bidea zientziarena da, Izatea zer den erakusten diguna.