Politeismoa

Politeismoa (grezierako polis, "anitz", eta theos, "jainko", hitzetatik), jainko anitzetan sinesmena duten erlijioak dira, erlijio monoteisten, hots, Jainko bakarreko judaismoaren, kristautasunaren eta islamaren aldean. Hala ere, definizio sinple hori zehaztu eta osotu beharra dago. Hasteko, politeismoa erlijio monoteisten ikuspuntutik aipatzen den beste erlijioen ezaugarri orokorra da, lausoa beraz, idolatriaren, paganismoaren eta animismoaren pareko kontzeptua litzatekeena. Hain zuzen, erlijio monoteistak erlijio politeisten aurka sortu ziren: judaismoa Antzinako Egiptoko erljiioaren aurka, eta kristautasuna greko-erromatarren erlijioaren aurka. Beste alde batetik, jainko anitzetan sinesmena duten erlijioetan, oro har, jainkotasun bakarrean sinesten da, jainkotasun bakar hori hainbat jainkoren bitartez agertzen bada ere. Areago, jainkoen aniztasuna erlijio horien ezaugarrietako bat litzateke soilik, erlijio horiek modu partzialean definitzen dutena. Varro erromatar jakintsua izan zen greko-erromatarren erlijioari buruz, erlijio politeista paradigmatikotzat hartzen dena, teologia konplexuagoa eratu zuena, eta hala theologia tripertita edo teologia hirukoitza eratu zuen, theologia naturalis edo teologia kosmikoa, theologia civilis, kultuaren dimentsioa aztertzen zuena, eta theologia fabularis, panteoiari, hots, jainko guztien taldeari buruzko historia azaltzen duena, bereiziz.