Populismoa

Populismoa (latinezko populus hitzetik, "herria" euskaraz) herritarrak, bereziki klase ertain eta behekoak, erakarri eta mobilizatzeko ahalmen handia duen masazko mugimendu politikoa da, agintean dagoen edo agintera irits daitekeen elite politikoaren, oligarkiaren eta beste etsaien aurkako diskurtsoa, herritarren erreibindikazio primarioak eta patriotismoaren aldeko aldarrikapenak bereganatzen dituena. Populismoaren beste ezaugarri funtsezko bat lidergo karismatikoa da, gehienetan herri xumetik bertatik eratorritako buruzagi baten eskutik. Ernesto Laclau pentsalari postmarxistaren esanetan, "komunitate osoa balitz bezala jokatzen duen partzialitatea" litzateke populismoa. Balorazio guztiz aurkakoak jaso ditu, baita arlo akademikoan ere: alde batetik, demokrazia "benetako" eta erradikala dakarren mugimendua dela aipatu da, demokrazia liberalaren aurkakoen eta mugimendu populisten jarraitzaileen ahotik; eta beste alde batetik, autoritarismoarekin eta baita faszismoarekin ere lotu da, haren kritikoen aldetik.  Populismoa XIX. mendearen bukaeran sortu zuen, hasiera batean nekazaritzan oinarritutako gizarteetan, baina arrakasta handiena XX. mendearen erdialdean izan zuen, Latinamerikan, industrializazio bidean zeuden herrialdeetan (Argentinan, 1946tik 1955era, Perón-en eskutik; eta Brasilen 1945-1964 bitartean), urbanizazio azkarrak lagunduta. XX. mendearen bukaeran, kapitalismoaren krisialdi ekonomikoek gogor kolpatutako eta ezberdintasun ekonomiko handiko herrialdeetako fenomenoa izan da, eta Latinamerikatik munduko beste herrialdeetara zabaldu da, hala nola Europara eta baita Estatu Batuetara ere, Donald Trump presidentearen aukeraketarekin. 1

Erreferentziak

1.
Kaltwasser CR, Frei R. El populismo como experimento político: historia y teoría política de una ambivalencia. Revista de Sociologia. 2008. http://www.facso.uchile.cl/publicaciones/sociologia/articulos/22/2206-FreiyRovira.pdf.