Prebalentzia eta intzidentzia

Epidemiologian, prebalentzia eta intzidentzia morbilitatearen edo erikortasunaren, hots,  gaitz baten eraginaren  neurriak dira, populazio jakin batean. Prebalentzia populazio batean gaixo, gaixotasun jakin batek jota, daudenen kopurua da. Ohikoena, prebalentzia-tasa kalkulatzea da, portzentaje moduan, 1000 edo 100.000 biztanleko. Hala, prebalentzia tasa %1 bada (1000ko 10, edo 100.000ko 1000), populazioaren %1 une jakin batean gaixo dagoela esan nahi du. Prebalentzia unekoa zein epekoa izan daiteke: unekoa da une jakin batean izandako gaixoak jasotzen direnean, eta epekoa epe batean zehar izandakoak jasotzen direnean. Intzidentzia, berriz, gaixotasuna har dezaketen banakoen artean epe jakin batean (astea, urtea) izandako kasu berrien kopurua da. Prebalentzia bezala, portzentaje moduan, 1000ko zein 100.000ko kalkula daiteke.