Presokratikoak

Filosofo presokratikoak Mendebaldeko tradizio filosofikoan historiako lehen filosofoak dira, munduari buruz hausnarketa modu berri bati ekin ziotenak, batez ere arrazionaltasuna, logos delakoa, txertatu zutelako haien argudioetan, aurretik nagusi ziren azalpen mitologikoen aldean.

Izendapenari buruz

Literalki, presokratiko hitzak Sokratesen aurreko esan nahi du, filosofo horiek gehienak, ez guztiak, Sokratesen aurrekoak baitira, baina bereziki Sokratesengandik filosofo horiek bereizten dituena hausnartutako gaia izan zen, filosofo presokratikoek unibertsoaren eta naturaren izaera aztertu zutelako, Sokratesek gizakiari eta bereziki etikari buruzko hausnarketa zabaldu zuen arte. Eztabaida dago, ordea,  filosofo presokratiko izendapenari buruz. Presokratiko terminoa XVIII. mendean sortu eta XIX. mendean zabaldu zen, filosofo presokratikoengandik jasotako idazlan-zatiak bildu zituen Hermann Diels alemaniarraren eskutik. Lehenik eta behin, presokratiko izenondoak nolabait gutxietsi egiten dituelako Sokrates eta ondorengoen aldean. Egia esan, pentsalari eta jakintsu horiek bidea zabaldu zioten filosofiari zentzu zabalean, eta gaineraez ziren beti mugatu naturaren filosofiara eta gai etikoak ere landu zituzten. Askoren ustez, ez dago haustura presokratiko eta Sokraten eta bere ondorengoen artean, eta jarraitutasunezko bide batean kokatu behar dira denak. Beste alde batetik, egun filosofo ulertzen den adieran ez bada ere, garai hartan filosofoak baziren, jakintza maite zutenak alegia, jatorrizko adieran, denetariko gaiak (kosmologia, astronomia, meteorologia, matematika, geografia, ...) landu zituztenez. Hain zuzen, Aristoteles-ek lehen filosofo horiei fisiologo deitu zien, azalpen mitikoak ematen zituzten aurreko teologo haietatik bereizteko.