Pribatizazioak

Pribatizazioa estatuaren esku dauden enpresak esku pribatuetara aldatzea da; zentzu zabalago batean, ekonomian enpresen jabego pribatua gehitzen duen politika ekonomikoa ere bada. Pribatizatutako enpresetan eraginkortasuna gehitu egiten dela aipatu ohi da pribatizazioaren abantaila nagusitzat. Izan ere, pribatizatutako enpresetan mozkinak maximotzearen eta kostuak minimotzearen helburuak lehenesten dira, estatuaren enpresetan ez bezala, eta pribatizazioak desmonopolizazioa eta konkurrentzia ekarri ohi dituela kontuan harturik, konkurrentziazko merkatuetan sortzen dira prezioetan islatzen dira baliabideen benetako prezioak, baliabideen arteko eskasia erlatiboak adierazten dituztenak. Pribatizazioaren aldeko beste argudio bat, estatuaren enpresak politikarien mendean izatea da, eta horrek enpresa helburu politikoei begira jarri, helburu ekonomikoak baztertuz, eta ustelkeria ekartzen du kasu askotan; azkenik, kostu administratiboak handiagoak ere badira estatuaren enpresetan.

Pribatizazioaren aurkako argudioak ere badaude, ordea: helburu ekonomikoak dira maiz baztertu behar direnak, estatuaren enpresetatik eskaintzen den zerbitzua publikoa denez, gizarte ongizaterako beharrezkoa, merkatuko prezioa baino txikiagoa den prezio publiko bat ezarriz; beste alde batetik, estatuaren jabetzak monopolioa ekarri ohi du, baina hori kaltegarria izatetik urrun, kostuak murriztea ekar dezake, eskala-ekonomien bitartez; azkenik, enpresa pribatuetan kanpokotasun negatiboak (kutsadura, ...) sortu eta kostuak murrituz zerbitzuaren kalitatea kaltetu egiten dela ere aipatu da, enpresa publikoetan horiek zorrotzago ebaluatu eta kontrolatzen diren bitartean. Estatuaren jabtezaren aldeko argudio horien aurka, pribatizazioa sektore ekonomiko horiek erregulatuz egin daitekeela erantzun da, prezioak, kanpokotasunak eta kalitatea kontrolatuz. Tarteko iritziak badaude, estatuaren jabetza baldintzatuaren aldekoak, hala nola zerbitzuaren kalitatea galtzearen arriskua txikia denean, sektorean berrikuntzarako aukera eskasak daudenean, eta lehiaren eta kontsumitzaileen erabakien ondorioak hutsalak direnean.