Siglak eta akronimoak

Siglak lokuzio bat era laburrean adierazteko hartzen diren lehen letrak dira; adibidez, Nazio Batuen Erakundea ordez, NBE idatzi eta esaten denean, siglak N, B eta E dira. Halaber, sigla lehen letra horiekin osatzen den hitza ere bada; adibidez, NBE ("ene-be-e" ahoskatuta) hitz osoa sigla dela ere esaten da, baita HIES (Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea), "hies" ahoskatzen dena, letraz letra esan gabe. Batzuen arabera, ordea, letraz letra aipatu gabe, segidan esaten diren horiek akronimoak lirateke, betiere siglak izanda.  Siglazioa eta akronimia (horrela deitzen zaio hitz zatiak hartuz laburtzeari) egiteko beste modu batzuk ere badaude: lokuzioko hitzen lehen bi letrak edo gehiago hartzea (ARKO,  Arrasateko Komunikabideak), eta hitz baten hasiera eta bestearen bukaera (euskañol, adibidez).