Sinboloak

Pentsalariaren arabera esanahi ezberdinak dituenez, sinboloak (edo ikurrak) definitzea kontu zaila da. Abiapuntu gisa, etimologia har dezakegu: sinbolo hitza antzinako grezieratik dator eta jatorrian "batera jarri", "lotzea" esan nahiko luke. Historian erabilera anitz izan ditu, baina beti adierazpide moduan: adierazpenak, idazkunak, errituak, dominak, intsigniak, objektu erlijiosoak, eta hitzak eta letrak ere sinbolotzat hartu dira. Bide batez esan dezagun, seinaleak eta zantzuak ez direla sinboloak hartzen, adierazlearen eta adieraziaren arteko lotura zuzena etan naturala delako horietan (zerbait barregarri entzuten denean, barre egiten dugunean esaterako); beste batzuetan adierazlearen eta adieraziaren lotura baino, identifikazio edo parekotasuna dagoela esango genuke, ikonoen kasuan hain zuzen, eta horien adibide bat pertsona baten erretratua dugu. Adierazi nahi denaren eta adieraziaren arteko lotura moten sailkapena beharrezkoa da, beraz, gauzak argitze aldera.

Semiotika sakon landu zuen Charles William Morris filosofoaren arabera, adieraziari buruzko informazioa bideratzen duen oro zeinua litzateke. Horien artean, indikatzaileak, bideratzea kausala denean, keak sua adierazten duenean adibidez); ikonoak, adieraziaren eta zeinuaren arteko antzekotasuna dagoenean; eta sinboloak, adieraziaren eta adierazlearen arteko lotura arbitrarioa denean. Beste sailkapen baten arabera, informazio-bideratzailen artean, seinaleak (lotura kausala dagoenean), indikatzaileak (gizartean eratutakoak, baina horien adierazpide argiarengatik aise ulertzen direnak, adibidez bizikleta bat ezabatzen duen trafiko-seinaleak bizikletak hortik pasatzeko debekua adierazten du argi eta garbi; zeinuak, informazio zehatz eta guztiz ulergarria ematen dutenak (letrak eta zeinu matematikoak, adibidez), sinboloak, informazio zabal eta aldi berean lausoa ematen dutenak, eta kodeak, zeinuen kate luze batek sortutakoak (esaldiak eta finean, baita hizkuntzak ere, adibidez).

Azken sailkapen horren arabera, errealitate konplexuen abstrakziorako, horiek adierazteko ahalmen behinena luketenak sinboloak eta kodeak lirateke, eta horrela hizkuntzarekin batera sinboloak egokienak lirateke, sinesmenak, jarrerak eta ideiak agertzeko. Esanahia bildu eta trinkotzeko funtzionalitatea litzateke horrela sinboloen ezaugarri berezienetakoa, eta horregatik gertatu ohi da sinboloek unibokoa ez izatea, esanahi anitz izatea. Horrela, laburki eta maisuki, sinboloak mugarriak lirateke, "ezezaguna ezagunarekin lotzen dutenak". 1 2

Erreferentziak

1.
La capacidad simbólica como definidora de lo humano. antropologus.wikispaces.com. https://antropologus.wikispaces.com/file/view/Simbolica.pdf.
2.
Tippett J. Are Symbols about Meaning ?  Weaving a Web of Meaning  in the Ontological Hall of Mirrors. holocene.net. http://www.holocene.net/sustainability/essays%20and%20e.g.s/are_symbols_about_meaning.htm.