Sokrates

Sokrates (K.a. 469 - K.a. 399) Antzinako Greziako filosofoa izan zen, filosofiaren historian itzal handienetakoa, bere irakaspenengatik nahiz bere bizitzagatik. Bere filosofiaren bilgune nagusia arima da, zentzu zabalean, gizakiaren nortasuna, adimena eta jokabidea biltzen dituena. Nork bere ariman arreta berezia jartzeko beharra aholkatu zuen, nork bere burua ezagutuz egiara helduko baita. Horretarako, metodo sokratikoa garatu zuen, solasaldian oinarritua, nor bere kabuz egiara heltzearren. Hala ere, Sokratesek aldarrikatu zuen egia, ez zen egia subjektiboa edo indibiduala, garai hartan gogorki kritikatu zituen sofisten antzera, egia unibertsala edo absolutua baizik. Egiaren eta bizitza zuzenaren bilaketa izan ziren, beraz, Sokratesen filosofiaren eta bizitzaren ardatz; hain zuzen, haren aurka bururutako prozesuaren ondorioz hartu zuen Sokratesek berak, bere pentsamenduaren eta bizitzaren defentsan, hiltzeko erabakia, pozoina hartuz. Ez zuen ezer idatzita utzi, eta berari buruz dakiguna hura ezagutu zutenen eskutik dakigu soilik: Aristofanes-ek irudi barregarria eman zion bere Hodeiak lanean, eta Xenofontek bere pentsamendua sinplifikatu zuen; historiako filosofo handienetakoa izateaz gainera Sokratesen ikasle izandako Platon izan zen bere irakaspenak osotuen eratu zituenak. Hala ere, zaila da Sokrates historikoaren bizitza eta filosofia garbi eratzea. Zailtasun horien multzoari arazo sokratikoa deitu izan zaio.