Surrealismoa

Surrealismoa 1920 eta 1930eko hamarkadetan agertu eta gora egin zuen arte- eta literatura-mugimendua izan zen, haien iritziz Lehen Mundu Gerra sortu zuen arrazionalismoaren aurkako erreakzio gisa, eta irrazionala, ilogikoa, harrigarria dena ardatz gisa hartzen duena. Ildo horretatik, inkontzientea ere haien erreferentzia nabarmea da, Sigmund Freud-en psikoanalisian ere oinarritu zirenez. Literaturan, hitzen berehalako lotura egitearen aldekoak ziren, inongo logika formalik gabe eta gogamenaren oldarrei jarraiki. Mugimenduaren sortzailea André Breton (1896-1966) idazlea izan zen, mugimenduaren oinarriak ezarri eta horren norabidea finkatu ere nahi izan zuena, baina artista surrealisten artean zatiketak eta kanporatzeak ohikoak ziren. Izan ere, mugimendu anitza zen guztiz estiloaren eta estetikaren aldetik; baina bi muturren artean kokatzen dela esan daiteke: alde batetik, Jean Arp (1866-1966) izango genuke, Joan Miró (1893-1983) eta André Masson (1896-1987) margolariekin batera, munduan erreferentzia zuzenik ez duten irudi organikoak osatuz; beste alde batetik, Salvador Dalí (1904-1989) genuke, irudi zehatzak eta errealak eratzen zituena, baina haien arteko lotura logikorik gabe, mundu inkontziente edo oniriko batean kokatuak. Margo-teknika berriak ere garatu zituzten: frottage-a eta grattage-a - Max Ernst-en eskutik (1891-1976) bereziki -, eta baita collage-a ere. Izan ere, forma askea izan zen mugimenduaren beste ezaugarrietako, gerora beste mugimendu batzuek hartuko zutena. Mugimendua bereziki Europan zabaldu zen, eta Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuetara, hara ihes egindako artisten eraginez. Gerra bukatuta, ordea, horren gainbehera etorri zen, baina bere arrasto nabarmena utzi zuen beste korronteetan, espresionismo abstraktoan kasu.