Tabuak

Tabuak (tongerazko tapu hitzetik, "debekatua") ekintza baten debekua da, ekintza hori edo horrekin loturiko objektua edo pertsona sakratua, zorigaiztokoa edo lohia delakoan. James Cook kapitainak jaso zuen hitza 1771 urtean, Tonga uhartean, baina Polinesiako kultura anitzetan jasotzen da. Hala ere, munduko kultura guztietara zabaldutako terminoa da, bereziki antropologian baliatua, tabua bezalako debekuak munduko kultura askotan daudenez.

Ohikoak dira dietarekin eta jaiotza, heriotza eta bizitzako gertakari garrantzitsuekin loturiko tabuak, baita intzestu-tabuak ere, ahaideekin sexu harremanak debekatzen dituztenak. Maiz, tabuak mugetan dauden pertsonekin lotzen dira, hala nola agintariak, politikoak zein erlijiosoak, eremitak, xamanak eta antzekoak, eta iragatze-erritu batean murgildurik pertsonak (haurdun dauden emakumeak, hilerokoa dauden emakumeak, aita eta ama berriak, eta abar). Tabuak ezarritako debekua hausteak egileari edo gizatalde osoari ondorio kaltegarriak ekartzen dizkio, tabua ezartzen duen sinesmenaren arabera. Tabua haustearen ondorioak saihesteko, baina, erritualak egin daitezke.

Tabuei buruzko lan interesgarriak Sigmund Freud-en Totema eta tabua (1913) eta Franz Baermann Steiner-en Tabu (1956) dira.