Teknokrazia

Teknokrazia estatu modernoetan adituek, teknikoek alegia, duten eragina eta indarra adierazteko erabiltzen den terminoa da, haien diskurtso tekniko eta zientifikoek politika eta gizarte arloetan nagusi bilakatzen direnean, ordezkari politikoen eta burokraziaren eskutik eta bereziki XX. mendeko erdialdetik garatu dena. Kritikoki baloratu da teknokraziaren nagusigoa; ildo horretatik, George Orwell-ek 1984 eta Aldous Huxley-en Bai mundu berria eleberrietan gizarte teknokratiko baten distopiak dira; eta Ortega y Gassetek espezialismoaren aurka ohartarazi zuen La rebelión de las masas liburuan. Hala ere, teknokrazia terminoa baikortasunez sortu zen 1930eko hamardakan Estatu Batuetan, Howard Scott ingeniariak teknikaren ahalbideen aldeko gizarte mugimendu zabala abiarazi zuenean, politiko eta enpresarien ordez, gizartearen gidaritza zientzialariek eta teknikariek hartu behar zutela proposatuz.