Treemapping

Treemap (ingelesez) edo zuhaitz-mapak bereziki datu-multzo hierarkikoetarako, bereziki total bat atalka kopuru txikiagoetan banatzen denean, eta lehen mailako kopuru horiek berriz kopuru txikiagoetan banatu daitezkeela, erabiltzen dira. Horretarako, karratu bat (totala adierazten duena) lehen mailako kopuru adinako azalera duten laukizuzenetan banatzen da. Aldi berean, laukizuzen horiek laukizuzen txikiagoetan bana daitezke, bigarren mailako desagregazio edo banaketa adierazteko, beti ere laukizuzenaren azalera kopuruaren adierazgarritzat harturik. Egun, oso zabaldua dago esportazioek eta inportazioek produktu eta sektore ezberdinen artean duten banaketa adierazteko, atal orokorretatik produktu zehatzagoetara.

image

Donostialdeko udalerrietako biztanleriak (2014): hierarkia-maila edo desagregazio bakarreko mapa. Laukizuzenaren azalerak zein koloreak biztanleriak adierazten dute: zenbat eta azalera handiagoa, biztanleria handiagoa; zenbat eta gorriagoa kolorea, biztanleria txikiagoa.

Laukizuzenak kolore-gradiente bateko kolore ezberdinetan margotuz, kopuru horiek beste aldagai batekin nola lotzen diren ikusteko ere erabiltzen dira, korrelazioa aztertzeko alegia, sakabanatze-diagraman bezalaxe.

wordpress_treemap2

Donostiako udalerrietako biztanleriak (2014) eta EAJ alderdiari emandako botoa. Hierarkia maila bakarreko zuhaitz-mapa da, baina bi aldagaiekin: hemen azalerak biztanleria adierazten du eta koloreak boto-portzentajea (berdea, handia; gorria, txikia).  Ikusten denez,  udalerriko biztanleriaeta EAJ alderdiaren boto-portzentajea ez daude oso loturik: herri txikietan (Urnietan eta Astigarragan) nahiz handietan (Donostian) eskuratzen ditu boto gehien.

Zuhaitz-mapak 1990eko hamarkadan asmatu ziren, disko informatiko bateko espazioa direktorioetan nola banatzen zen irudikatzeko. Mapen eraketa konplexua da, eta begiz diagrama ikusgarria eta erakargarria izan dadin,  marraztutako laukizuzenak, ahal den neurrian “nahiko” karratuak izatea eta ia-karratu horiek azalera handienekotik txikienekora ordenatuta izatea bilatu behar denez; horretarako ezinbestekoa da algoritmo informatiko egokiak baliatzea.