Txinako erreforma ekonomikoak

Txinako erreforma ekonomikoak 1976 urtean, Mao hil eta gero, abiarazitako erreformak dira, Txina merkatu-ekonomia baterantz eramateko helburuarekin. Horien ondorioz, Txinako ekonomiak berebiziko gorakada izan zuen 1978-2006 bitartean, urteko %9.7ko hazkundearekin eta munduko bigarren ekonomia bilakatuz, AEB ondoren, eta munduko hazkunde osoaren %40a sortuz. Erreformak aurrera egiteko motibazioak txinatarren ongizate material eskasa, bereziki elikagaiekin loturik,  eta aldameneko herrialdeen aurrerapena izan ziren.

Hasierako erreformak

Lehenengo neurria kolektibizazioaren bidea eten eta nekazaritza-hazkuntza pribatua eta familiarra bultzatzea izan zen, nekazaritzako produktibitate eskasa gehitzeko, nekazarien ahalegina saritu egiten zuena. Horrela, produktubitatea gehitu eta autoaskitasuna, espezializazioa, dibertsifikazioa garatu ziren. Produkzioaren gehikuntzaren ondorioz, nekazari asko eta asko lanik gabe geratu ziren, baina lan indar gehigarria askatasun ekonomikoari esker abiarazitako negozio txikietan aritzeko aukera izan zuten. Horretan guztian, merkatuen irekiera eta prezioen malgutasuna lagundu zuen. Aldi berean, lau ekonomia-eremu berezi ere ezarri ziren Txina hegoaldean, nazioarteko merkataritzan eta inbertsioak jasotzeko kondizio eta baimen bereziekin.

Erreforma hasierako garai horietan, prezioak dualak zen, plan ekonomikoan ezarritakoak zeuden alde batetik eta merkatukoak bestetik, plana bete ondorengo kopuru gehigarriak merkatu-prezioetan jarriz. Prezioen malgutasunak baliabideen sektore arteko mugikortasuna, bereziki lan-indarrarena ahalbidetu zuen. Konkurrentzia hasiberriak eta ondoriozko saritze eta pizgarri indibidualek (areago kontuan harturik ekonomia pizgarri indibidualik gabeko sistema kolektibista batetik zetorrela) ere ekarri zuten ekonomiaren berebiziko hazkundea.

1992tik aurrera: "merkatu-ekonomia sozialista" baterantz

1980ko hamarkadaren bukaeran atzerakada laburra izan zen, 1989ko matxinadak eragindako erreformen geldiarazteak eta atzerriko inbertsioaren atzerakadak eraginda.  Baina 1992 urtean Txinako Alderdi Komunistak, Deng Xiaoping zuzendaritzapean, merkatuko ekonomia baterako apustua egin zuen, estatuaren eskumenak erabaki ekonomiko estrategikoetara mugatuz. Lau ildo nagusi izan ziren erreformen bigarren aldi horretan: planifikaziotik merkatura, herri txikietatik hirietarako, jabetza publiko eta kolektibotik pribatura eta autarkiatik globalizaziora. Hala ere, arazo berriak sortu ziren, ustelkeriarekin eta ingurumenarekin loturik. Lehengo egitura ekonomiko eta politikoekin loturiko inefizientziak ere bazeuden, baina ekonomiaren irekieraren efektu positiboa erabatekoa izan zen. Urteak aurrera egin ahala, ekonomia liberaletan izaten diren fenomeno berberak ikusi dira orobat, konkurrentzia bizi-bizia da, eta ondorioz prezio-gerrak eta publizitatea barra-barra.

Berrikuntza teknologikoa izan da Txinako ekonomiako erreformen beste ardatz bat. Ekonomia planifikatuan, epe laburreko helburuak betetzeko joera zegoen, planak ezarritako ekoizpen-helburuak betetze aldera, eta teknologiaren garapena bigarren maila batean geratzen zen. Erreformekin, kanpoko inbertsioaren liberalizazioak eta merkatuaren irekierak dakarren langile eta ingeniarien arteko harremanak teknologia-fluxu iraunkorra ekarri du, ongi trebatutako belaunaldi berri bati esker.

Arlo politikoan izandako aldaketak ere eragin positibo nabarmena izan du. Ekonomia planifikatuan ez bezala, non erabaki guztiak xehetasun guztiz ematen ziren, planak ezarritakoaren arabera, erreformekin aginte politiko zentraletik irizpide nagusiak besterik ez zen ematen. Deszentralizazioak probintzia eta eskualdeetako agintariei politika ekonomikoa egiteko aukera eman izen, eta horrek pizgarriak eta konkurrentzia ekarri zuen agintari lokalen artean, lana ongi egiteak ekar dezakeen promozio politikoari begira. Diskurtso politiko zentralak, azkenean txinatarren artean ere guztiz errotu dena, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzen ditu orobat.1

Konklusioak

Orokorrean, Txinako erreforma ekonomikoen arrakasta Txinako testuinguru historikoarekin, bertakoarekin eta mundukoarekin, zerikusi handia dutela uste da, eta beraz badaezpadakotzat hartzen da erreforma horien arrakasta beste toki eta une batean. Beste alde batetik, erreformek milioka txinatarren bizimodua erraztu badu ere, errenten arteko desberdintasunak munduko handienekoak dira, eta bereziki nabariak landako eta hirietako eremuen artean. Fenomeno aipagarria da, dudarik gabe, Txinako internazionalizazioa: nazioarteko merkataritzan, superabit itzela du (Txina munduko lantegia dela esan ohi da horren haritik, lan-kostu murritzak direla-eta, nahiz eta efektu hori desegiten ari den), eta kanpoan inbertsioak erruz egiten ditu, maiz sektore estrategikoetan, hala nola nekazaritza-lurretan eta metal arraroen meategietan. Argi dago: 1980-2010eko hamarkada bitarteko hazkunde ekonomikoaren bitartez munduko herrialde aberatsenen aldean leku garrantsitsua hartu ondoren, Txinako agintariek munduan kokapen geopolitiko indartsu baten aldeko apustua egin dute.

Erreferentziak

1.
Brandt L, Rawski TG. Chinese economic reforms. The New Palgrave Dictionary of Economics.:782-789. doi: 10.1057/9780230226203.0233