Xenofobia

Xenofobia kanpotik etorritako gizatalde eta gizabanakoei zaien onarpen-eza, mesfidantza, ezinikusia eta gorrotoa da. Xenofobiaren oinarriak objektiboak izan daitezke (hala nola, lanpostua galtzeko beldurra) nahiz guztiz irrazionalak (arrazismoan oinarritzen direnean esaterako); etnozentrismo eta nazionalismoarekin loturik ere ager daiteke. Arbuiatu egiten den kanpokoak zein diren deskribatzeko ezaugarriak lausoak dira (adibidez, maiz ez dira atzerritarrak soilik xenofobiaren biktimak, eta badira atzerritarrak xenofobiaren biktima ez direnak), baina definizio batzuk eman dira, hala nola fisikoki gertu baina taldetik urrun dagoen hura da, ezberdintzat hartzen dena gugandik gertu bizi arren, kanpotik etorrita gugandik distantzia sozial handia dutenak.

Historian gauzatu diren bi estrategia xenofoboak antropofagia (hots, kanpokoa jan edo irentsiz) eta antropoemia (hots, kanpokoa baztertuz). Egun, indarrean diraute bi estrategia horiek: asimilazionismoa, finean antropofagiaren aldaera besteriz ez dena, kanpoko gizabanakoei haien nortasuna eta kultura ezabatu eta kultura nagusiko balioetan integratzen direnean; eta antropoemia, kanpokoa baztertu edo besterik gabe itzuliarazi egiten zaionean.