Zibernetika

Zibernetika (antzinako grezierazko kybernetikos  hitzetik, "lemazaintza, gobernua"), haren aitzindari Norbert Wiener-ek 1948 urtean definitu zuenez, izaki bizidunen eta makinen kontrolari eta komunikazioari buruzko jakintza da. Informatika, sistemen teoria eta informazioaren teoria garatzen ari ziren garaian sortu zen, jakintza-arlo horietan planteaturiko problemei erantzuteko, baina berehala paradigma epistemologiko, transdisziplina edo metadisziplina berri moduan garatzen hasi zen, teknologiaren arloan, baina baita gizarte zientzietan ere, kausa-efektu printzipio lineal klasikoa gaindituz, kausalitate zirkularra oinarritzat hartu eta aldaketaren eta orekaren kontzeptuak txertatzeko aztertzen diren sistemetan. Paradigma zibernetikoaren baitan bi joera bereizi ziren, ordea: lehen mailako zibernetikan, behatzailea sistematik kanpo dago, baina bereziki sistema sozialetan behatzaileak sisteman duen eragina aztertzeko bigarren mailako zibernetika garatu zen.