Zientzia

Zientzia errealitateko fenomenoen ezagutzarako jarduera (ikerketa zientifikoa, alegia) eta horren emaitza (ezagutza zientifikoa) da, fenomeno horien legeak, kausak eta ondorioak, hatzeman, garatu eta aztertzen dituena, betiere lege horiek zuzeneko behaketaz edo saiakuntzaz jasotako informazioaren aldean egiaztatzen badira, enpirikoki frogatzen badira alegia, eta lege haiek baztertu ere egiten dituena, aurkako informazioa jasotzen denean. Baldintza horiek beteta, metodo zientifikoa behar bezala garatu bada alegia, ezagutza zientifikoa fidagarria, zehatza eta unibertsala alegia, izango da. Horrek esan nahi du zientziak propietate hauek ere badituela: aurresanak egiteko duen ahalmena du, bere legeak unibertsalak direnez, beti betetzen baitira; koherentzia, informazio egiaztagarria jasotzeko, kontzeptu eta informazio zehatzak behar direnez, emaitzak ere zalantzarik eta kontraesanik gabeak direlako; eta, azkenik, konsilientzia, lege zientifikoak uztartu eta teoria zientifiko zabalagoak eratzeko ahalmena alegia, azkenean errealitatearen gero eta eremu zabalagoak ulertzeko helburuarekin.

Aurreko definizioa garbia dirudien arren, zientziak auzi filosofiko sakonak planteatzen ditu. Ezagutza zientifikoa egiazkoa al da? Errealitate fenomeno guztiek al dute kausarik? Zientziak aurrera egiten al du beti (alegia, bere ezagutza zientifikoa gero eta fidagarriagoa al da? Ba al dira teoria zientifiko kontrajarriak? Galdera horiek erantzuteko zientziaren filosofia dugu, zientziaren oinarriaz, metodoaz eta bilakaeraz jarduten duena.

XV. mendean hasi zen hitza erabiltzen, ezagutza orokorrean izendatu eta lehenago erabiltzen zen filosofia natural terminoa ordezteko. Hain zuzen, XV-XVII. mende bitartean garatu zen Iraultza Zientifikoa deitzen den garaia, Eguzkia zentrotzat zuen unibertsoa baieztatzen zuen Nikolas Kopernikorekin (1473-1543) hasi, eta Isaac Newton-ekin (1642-1727) bukatuz. Hala ere, metodo zientifikoa XIX. mendean finkatu zen egun ezagutzen dugun eran.

Ikus, gainera