Abangoardia artistikoak

Coubert-en "Margolariaren tailerra" margolana. Erakusketa baterako baztertua izan, eta margolariak erakusketa propioa egitea erabaki zuen, berak bataiatutako errealismo izeneko abangoardia zabalduz.

Abangoardia artistikoak edo abangoardismo artistikoa XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendean zehar sorutako joera artistiko berritzaileak dira, artea egiteko aurreko moldeekin hautsiz eta arte kritika akademikoari aurre eginez, eta publikoan txundidura eta askotan gaitzespena jasotzen dutenak, hasiera batean behintzat.  Nazioartean avant-garde izena ere maiz erabiltzen da, eta jatorrian gudako lehen lerroan, avant ("aurrean"), borrokan ziharduten gudari taldeei egiten zion erreferentzia; geroztik politikan (talde iraultzaile txikiak izendatzeko), artean, literaturan eta beste diziplinetan aitzindari eta berritzaile diren talde eta mugimenduak izendatzeko ere erabiltzen da, modu metaforikoan.

Lehen abangoardia historikoa  gertakari jakin batekin lotzen da gehienetan: Gustave Coulbert margolari frantsesak Parisko Nazioarteko Erakusketarako hiru margolan baztertu ziren 1855 urtean; horren ondorioz, Coulbertek bere erakusketa propioa eratu zuen erreakzio gisa, eta bere estiloa errealismo izenez bataiatu zuen, historian mugimendu artistiko bat  ismo-z lehen aldiz bataiatuz. Paradoxikoa dirudien arren, errealismoaren estiloa ez zen berritzailea, antzinatik ugari izan baitira Coulbertek izendatu zuen mugimenduaren estiloaren bat zetozen artelanak; baina garaiko elite intelektualek baztertu egin zituzten Coulberten lanak, jende xume eta apala erakusten zuelako, bizi ohi den bezala, garaian hain gustukoa zen heroikotasunari muzin eginez. Hurrengo gertakari abangoardistaren protagonista Manet margolaria izan zen, zeinaren margolan batzuk baztertu zituzten 1863an (beste margolan askoren lanak ere baztertu ziren haiekin batera, baina Manet izan da historiara baztertze horren biktima nagusitzat hartu dena); artisten suminduraren erreakzio gisa, gobernuak Baztertuen Aretoa delakoa eratu zuen margolan horiek erakusteko; azkenean, Baztertuen Aretoa artista iraultzaileen erakustaretotzat hartu zen. Manet inpresionisten aitzindaritzat hartzen da, eta hain zuzen inpresionistak izan ziren, Baztertuen Areto berri baten ukapenaren ondorioz, erakusketa propioa eratum inpresionismoa bihurtuz horrela lehen abangoardia artistikoa. Hortik aurrera, postinpresionismoa, neoinpresionismoa, fauvismoa, kubismoa, espresionismoa, futurismoa, dadaismoa, surrealismoa, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, informalismoa, kontzeptualismoa, pop art eta hiperrealismoa, besteak beste, hartu dira mugimendu abangoardistatzat.

Abangoardiaren gaia anekdota horietatik haratago doa, ordea. Abangoardiaren problema deitu izan dena sakonen eta zorrotzen aztertu duenetako bat Peter Bürger izan da. Bere hitzetan, abangoardiak modernitatean eta bereziki XIX. mendetik garatutako kontsumo-kulturaren eta kitsch edo kopiaren aurkako errakzio bezala hatu behar da. Ildo horretatik, arteak gizarte modernoetan duen egoera azaltzen du: artistei aitortzen zaie forma artistikoaren autonomia, arrazionalismoaren mugetan dauden beharrizanei erantzuteko, baina aldi berean forma artistikoa edukia, eta hortik salgaia, bihurtzen da, estandar batzuen mendean. Mendekotasun hori, haien sormen-autonomiaren baitan, onartzen duten artistak modernoak izan daitezke, arte modernoaren, modernismoaren joeran kokatzen dira, baina ez dira abangoardistak. Abangoardiak, Bürger-en iritziz, modernitateak artearentzat ezarritako mugak gainditu egiten dituen mugimendua da, kritika positibo, sortzaile eta eraginkorra egiten duena, bereziki bere artearen bitartez. Bürger-en ustez, abangoardiek ez dute lortu artearen autonomia hori, agian sistemikoki ezinezkoa delako, sistemak berak artearen subertsioa bereganatu egin duelako, gizartearen erabateko estetizazioaren bitartez, artetik sor daitezkeen forma berritzaile guztiak onartuz.1

Erreferentziak

1.
Schulte-Sasse J. La vanguardia artística. Realidad, Revista de Ciencias Sociales y Humanidades. http://www.uca.edu.sv/revistarealidad/archivo/4df29f2013222lavanguardia.pdf. Published 1989.
650 hitz
Kategoriak