Adierazleak

Adierazleak edo indikadoreak zerbaiten egoera eta bilakaera zehazteko eratu eta jasotzen den informazioa da, gehienetan aldagai kuantitatibo moduan. Bereziki egoera bati buruz erabaki bat hartu edota aurrez jarritako helburu jakin bat zenbateraino lortzen ari den balioztatzeko erabiltzen dira. Adibidez, inflazioa neurtzeko Kontsumorako Prezioen Indizea deitzen den adierazlea erabiltzen da, eta saltzaile baten produktibitatea eta lorpen-maila neurtzeko bezeroek betetako galdetegietako batez besteko puntuazioa erabil daiteke adierazle gisa.

Adierazle egokiak baldintza zenbait bete behar ditu; bereziki, erraz eta azkar jaso behar da, denbora elementu kritikoa baita erabakiak hartzeko, aise ulertu behar da, gardentasunez, eta kontsensuz eta eratu behar da, adierazten den horrekin zerikusirik duten agenteen artean. Gainera egoera desberdinetara moldagarria izan behar da eta konparazioak egiteko balio bdhar du. Garrantzitsua da halaber, bereziki fenomeno konplexuen kasuan,  adierazle sintetikoak eta adierazle sistemak eratzea, eta ez neurri partikular batean oinarritzea.

Aipuak

  • Neurtu daitekeen hura bakarrik hobetu daiteke.
  • Neurri gehiegi badituzu, neurririk ez bazenu bezala da.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, indicadores.