Agnazioa

Agnazioa edo ahaidetasun agnatizioa Antzinako Erroman indarrean zegoen ahaidetasun-sistema zibil bat da, pater edo familia buru baten ahalean (pater potestas) oinarritua. Familia buru (pater familias) baten ahal beraren pean bizi diren pertsonak agnati ziren, eta alieni iuris ziren, hots dependenteak eta eskubide mugatuak zituzten. Pater familias edo familiako burua familiako gizon zaharrena zen, ahaidetasun patrilinealetik, hots arbasoetan gizonak bakarrik jarraituz. Agnazioa lotura ez da beraz biologikoa, zibila baizik, pater familias delakoak agnati direlakoen gainean zituen botere eta eskubideetan oinarritua; izan ere, ahaide agnatizioak ezkontzan nahiz ezkontzatik kanpoko seme-alabak (eta semeen semeak, ...) biltzeaz gainera, adopzioz (adoptio) hartutako pertsonak eta pater delakoarekin edo bere mendean dauden gizonekin ezkonduta familiara bildutako emakumeak, beti ere cum manu ezkondu badira (hots, haien pater potestas zaharra galduz), ere izan daitezke agnati . Agnazioa pater delakoaren heriotzarekin desegiten zen, eta ondoren familia banandu edo bereizi egiten zen.