Ahaidetasuna

Antropologiaren ikuspegitik, ahaidetasuna edo senidetasuna gizarte harremanak ezarri eta arautu egiten dituen sistema nagusietako bat da. Odolkidetasunean eta ezkontza-ahaidetasunean oinarritzen da gehienetan, baina kontzeptu biologiko eta zibil horiek gaindituz, esanahi askoz ere sakonagoa du, eta biziraupenerako eta elkarbizitzarako, finean gizataldeen iraupena ziurtatzeko, harreman-sistema bat da. Horrela, ahaidetasuna fenomeno sozial eta kulturala da,  gizon emakumeen kontzientziaren sakon-sakonean existitzen dena. Ahaidetasun-sistemak bi atal ditu: alde batetik atal malgu bat, ahaideen arteko harreman lauso, informal eta instituzionalizatu gabeak jasotzen dituena, eta bestetik atal zurrun bat, kristalizatua nolabait esateko, hala nola ezkontza, non derrigorrezko harremanak ezartzen diren, eta tabuek eta pribilejioek arautzen dutena, errituen bitartez adierazten direnak. Horretarako, ahaidetasun-sistema orotan beharrezko dira izendapen multzo bat (osaba, ematzea, suhia, arreba, ...) eta jarrera eta portaeren kode bat.

Ahaidetasuna ikertu eta aztertu duen antropologo nagusia Claude Lévi Strauss izan da, eta arlo horretan egindako lanaren erreferentzia nagusiak Anthropologie structurale (1958) eta Les Structures élémentaires de la parenté (1967) dira.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, parentesco; ingelesez, kinship.