Aisia eta aisialdia

Aisia gizakiak lanetik kanpo garatzen dituen jardueren multzoa da, borondatez eta ordainsaririk gabe. Aisiak lanarekin batera dikotomia osatzen duela esan liteke, beraz; lanaldia eta aisialdia, lanaren eta aisiaren denborek, betetzen dute gure bizitza. Aisiak dakarren saria eta mesedea aisialdian egiten dugun hura egitea da, atseginez eta gure buruen autorrealizaziorako.

Antzinako Grezian, aisia bizitza zoriontsu baterako baldintza zen. Erroman aisia plazererako denbora moduan ikusten jarraitu zuten, lanetik erabat berezita (otium eta negotium aurkakotzat harturik) baina kristautasunak lanaren morala ezarri zen, nekea eta sufrimendua bertutetzat hartuz, Jesusen Nekaldia eredu, baina aldi berean aisia, kontenplaziora zuzendua, baztertu gabe. Horren adierazgarri da Erdi Aroko monjeen artean zabaldutako "Ora eta labora" leloa. Erdi Aroan lana bertute nagusia izatera igaro zen, bereziki Erreforma Protestantearen ondorioz. Lanaren etika protestanteak kapitalismorako bidea zabaldu zuen, aisia erreprimituz.  Langile klaseen zapalkuntzak klase burgesen kontraesana ekarri zuen ordea, kapitalistek lana goraipatu egiten zutelako, beraiek aisiari ekiten zioten bitartean. Kapitalismoak malgutasunez jokatu ordea, eta aisirako eskubidea onartu zuen azkenik, baina lanarekiko zuen dikotomia edo aurkakotasuna hautsiz: asteko lanaren ondoren, aisia dator asteburuetan eta oporretan, ziklo natural eta hautsiezinezko moduan. Egun, ziklo horretako mugak ere hautsi, eta lausotu egin dira aisialdiaren eta lanaldiaren arteko mugak. Aisialdian ikasi egiten dugu, kirola eginez nekatu egiten gara gogotik, aisia produktibo bilakatu da alegia, eta zerbait probetxugarri egiten ez bada, alperkerian gaudela edo pasiboak garela botatzen digute, eta lanaldian ere motibatzeko eskatzen digute, lana nekoso ez balitz bezala, eta lanaldia autorrealizaziorako aukeratzat aurkezten digute, lehen aisiari bakarrik zegokion hura.

Hiztegia: ingelesez, leisure; gaztelaniz, ocio.

Erreferentziak