Aktibo korrontea

Aktibo korrontea enpresak dituen aktibo likidoek osatzen duten ondare-masa da, ustiapen-zikloan zehar xahutu eta orokorrean urtebete baino gutxiago irauten duten aktiboen multzoa alegia. Aktibo ez korrontearekin batera, enpresaren aktibo osoa osatzen du, non enpresak dituen ondasun eta eskubide guztiak, inbertsioak alegia, biltzen diren. Beraz, aktibo korrontean epe laburreko inbertsioak, ondasunak eta eskubideak, biltzen dira.

Aktibo korronteko elementuak honela sailkatzen dira:

  • izakinak, non lehengaiak, produktu erdibukatuak eta produktu bukatuak eta salgaiak biltzen diren;
  • zordun komertzialak eta kobratzeko bestelako kontuak, non kobratzeko fakturak biltzen diren, eta labur aktibo bihurgarria deitzen dena.
  • epe laburreko finantza-inbersioak;
  • eskudirua eta bestelako aktibo likidoak, hala nola bankuko kontu korronteak eta eskudirua, labur aktibo eskuragarria ere deitzen dena.

Esan bezala, aktibo korrontean enpresak bere ustiapen zikloa garatzeko behar duen inbertsioa biltzen da zati batean (lehengaiak, produktu erdibukatuak, bezeroen fakturak, besteak beste). Inbertsio hori etengabe behar duenez, ustiapen zikloa etengabe burutzen baita, aktibo korrontearen zati hori, maniobra-funtsa deitzen dena, epe luzera finantzatu behar da, eta aktibo korrontea ken pasibo korontea eginez kalkulatzen da. Beraz, beste hitzetan maniobra funtsa pasibo ez korronte edo epe luzeko finantzazioarekin estaltzen den aktibo korrontearen zatia da.