Aldagai estatistikoak

Aldagai estatistikoa objektu baten propietate edo ezaugarri bati buruz jaso edo neurtzen dena da, zehatz definitu, behatu eta kodetua, bateraezinak diren agerpen edo balio ezberdinak hartzen dituena, hala nola tenperatura, pertsona baten hezkuntza-maila edo hitz baten tipologia (izena, adjektiboa, ...). Aldagaiak exhaustiboak izan behar dira, hots, agerpen edo balio ezberdin posible guztiak jaso behar dituzte.

Aldagai estatistikoak adierazten duen propietateari buruzko informazioa nolakoa den neurketa-eskalak jasotzen du, eta horren arabera aldagaiarekin mota bateko edo besteko teknika estatistikoa baliatu ahal izango da. Erabiltzen den eskala zein den, aldagaia kuantitatiboa (zenbakiz neurtzen denean) eta kualitatiboa edo kategorikoa (kategoriak ezarriz) izan daiteke lehenengo bereizketa baten arabera.

Ikerketa zientifikoan, aldagai estatistikoak kausa-ondorio erlazioak definitzeko erabiltzen dira maiz. Adibidez, pertsonen altuerak horren pisua eragiten du neurri handi batean, zenbat eta altuagoa orduan eta pisu handiagoa izateko joera dagoelako (ikus, korrelazioa). Kausa-ondorio erlazioetan aldagai independentea, kausa alegia; eta aldagai dependentea, ondorioa, bereizten dira. Aldagai dependentea aldagai independentearen eraginez aztertzen den aldagaia da. Kontrol-aldagaiak, bestalde, ikertzaileak konstante atxikitzen dituen aldagaiak dira, aldagai dependentearen aldaketak aldagai independearen eraginez soilik gerta daitezen.

Ikus, gainera