Aldagai eta datu kualitatiboak eta kuantitatiboak

Estatistikan, aldagai eta datu kualitatiboak edo kategorikoak (ikus, aldagai kategorikoak) elementu edo ikerketa-unitate batzuei buruz nolakotasun edo kualitate bat adierazten denean sortzen dira, kategoria edo modalitate zenbaitetan banaturik. Adibidez sexua (gizona/emakumea), kalifikazioa (gainditu gabe, nahiko, oso ongi, bikain) eta ilearen kolorea (beltza, gaztaina, horia, gorria) aldagai kualitatiboak dira (parentesien artean kategoria edo modalitateak). Aldagai kualitatiboen artean aldagai dikotomikoak (bi kategoria) eta politomikoak (bi kategoria baino gehiago) bereizten dira. Neurketa-eskalaren arabera aldagai nominalak (ordenatu gabeko kategoriak direnean) eta aldagai ordinalak (ordenaturiko kategoriak; adibidez, kalifikazioa: gainditu gabe, nahiko, oso ongi, bikain) bereizten dira.

Aldagai eta datu kuantitatiboak elementu estatistikoei buruz zenbaketa edo neurketa egiten denean sortzen dira. Adibidez, pertsona baten altuera edo ikasle baten nota kuantitatiboa (0tik 10era bitartean). Aldagai kuantitatiboen artean aldagai diskretuak (balio desberdin gutxi edo balio isolatuak hartzen dituztenean; adibidez, anai-arreba kopurua familia batean: 1 ,2, 3, ...) eta jarraituak (tarte batean edozein balio edo balio desberdin asko hartzen dituztenean; adibidez, pertsona baten altuera, 150-210 artean edozein balio, balio desberdin askorekin).

Aldagaiak ez dira definizioz kualitatiboak edo kuantitatiboak. Datuak nola jasotzen diren, operazionalizazio izeneko prozesuaren ondoren, bilakatzen dira kualitatibo edo kuantitatibo. Adibidez, ikasle baten kalifikazioa kualitatiboa (ez gainditua, nahiko, oso ongi, bikain) nahiz kualitatiboa (0tik 10era bitartekoa) izan daiteke.

Aldagai kualitatibo eta kuantitatiboen arteko bereizketa guztiz garrantzitsua da erabili beharreko teknika estatistikoa aukeratzeko. Teknika estatistiko batzuk aldagai kualitatiboetarako soilik eta beste batzuk kuantitatiboetarako soilik erabil daitezke. Orokorrean, fenomeno bati buruz ikerketa gutxi egin direnean, aldagai kualitatiboak erabiltzen dira maizago; geroago, fenomeno horri buruzko informazio gehiago dagoenean, neurketa edo kuantifikazioa burutzeko gai garenean, datu kuantitatiboak sor daitezke. Aldi berean, aldagai kualitatiboek ikerketa sakonagoa edo teorikoagoa egiteko aukera ematen dute, baino datu kualitatiboekin zehaztasun handiagoa lortzen da emaitzetan.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Aldagai eta datu kualitatiboak eta kuantitatiboak"; Gizapedian, iraila 20, 2019, https://gizapedia.hirusta.io/aldagai-eta-datu-kualitatiboak-eta-kuantitatiboak/.