Aldagai nahasleak

Estatistikan, aldagai nahasleak edo nahaste faktoreak bi aldagaien artean egon daitkeen asoziazio estatistikoan desitxuratu egiten duten faktoreak eta aldagaiak dira. Adibidez, maila sozioekonomikoaren eta bizi itxaropenaren arteko asoziazio estatistikoa aztertzean, lan kondizioak aldagai nahasle izan daitezke, maila sozioekonomiko altua duten pertsonek lan kondizio hobeak izaten dituztenez: maila sozioekonomikoaren eta bizi itxaropenaren arteko asozizio estatistikoa faltsua da, beraz; eta lan kondizioen eraginagatik gertatzen da.

Aldagai nahasleek kausa-efektua azalaraz dezakete asoziazio estatistiko sendorik ez duten aldagaien artean, arestiko adibidean bezala, edo asoziazio hori indartu (nahaste positiboa); asoziazio hori murriztu zein asoziazio estatistiko hori alderantzikatu (nahaste negatiboa).

Aldagai nahasleen efektuak desagerrarazteko, kidetzea egin daiteke kasu-kontrol ikerketetan; adibidez, gaixotasun baten eta elikaduraren arteko erlazioan, adina aldagai nahaslea izan daitekeela pentsatzen bada, kidetzea gaixotasuna pairatzen duten eta pairatzen ez duten adin bereko pertsonak aukeratzea ekarriko luke. Aldagai nahasleen efektuari aurka egiteko beste estrategia bat aleatorizazioa da; adibidez, bi hazi moten errendimendua alderatzeko, bi hazi horietako landareak zoriz banatu behar dira lursail batean, lursailean haietarako bi eremu bereizi osatu gabe, lursailaren zatiak izan dezakeen eragina saihesteko. Korrelazio partziala ere kalkula daiteke aldagai nahasleen eragina baztertzeko, aldagai guztiak kuantitatiboak direnean.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, confounder, confounding variable, confounding factor; gaztelaniaz, confusor, variable o factor de confusión.