Aldiriak edo periferia (hiriak)

Hirien geografian, aldiriak edo periferia, eremu azpiurbano edo suburbanoa ere deitua, nukleo zentral baten inguruan garatzen den hiri-eremua dira. Aldirietan nukleo zentralarekiko interdependentzia-harremana sortzen da: nukleo zentralak zerbitzuak (finantzak, merkataritza, kultura, aisia, ...) eta zentro administratiboak eskaintzen dizkio periferiari eta bere erreferentzia nagusia da, eta periferiak nukleo zentralean lan egiten duen hiritarrentzako etxebizitzak eta industria-guneak eskaintzen ditu, hiriaren hazkunderako eremuez gainera. Interdependentzia horretaz gainera, nukleo zentralaren eta periferiaren artean ez da haustura geografikorik izaten: hiria modu jarraituan zabaltzen da aldirietara (aldiria hiriaren partea da baita ere) ezaugarri desberdinekin bada ere: aldirietan biztanle-dentsitatea txikiagoa izaten da, baina ez beti, eta azpiegituren presentzia nabariagoa da, hirira kanpotik (eta alderantziz) bideratzen den garraioa bideratzeko. Sozioekonomikoki ordea, heterogeneotasun handiko eremua da: klase langile eta xumeen bizitoki  (edo hobe esanda, lo-hiri) izan daiteke, gehienetan biztanle-dentsitate handiarekin (frantsesez, banlieue), baina aberatsen auzuneak ere biltzen ditu, txalet eta familia bakarreko beste etxebizitzekin, dentsitate txikiko eremuak sortuz haietan. Edonola ere, izan txiroentzat izan aberatsentzat, aldiriek hiria handitzeko eremu gisa jokatzen dute gehienbat, batzuetan nukleo zentralak berak baino indar handiagoarekin (eta orduan suburbanizazio prozesua gertatzen dela esaten da).

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, extrarradio, arrabal, suburbios.

Erreferentziak