Amatasun subrogatua

Ama biologikoa eta ama hezitzaile eta soziala desberdinak diren egoerak arruntak izan dira historian zehar (adibidez, ama biologikoa hil denean, eta orduan ere subrogazioa gertatzen da, ama berri batek hartzen baititu haurra hezitzeko obligazioa) baina egun amatasun subrogatua lagundutako ugalketaren modalitate bat da, ernalketa in vitro edo laborategian gertatzen denean, eta ondoren haurdunaldia material genetikoa ekarri ez duen beste ama baten sabelean egiten denean. Modalitate honi alokairuzko sabela ere deitu izan zaio, nahiz eta termino guztiz desegokia den, pertsona ez dira alokairuan hartzen, eta batzuetan kontraprestazio ekonomikorik ez dagoelako haurdunaldiaren trukean. Beraz, amatasun subrogatuan ama genetikoa eta jaiotzetikako ama desberdinak dira, eta jaiotza ondoren ama genetikoak bereganatzen du amatasuna.

Amatasun subrogatua guztiz legeztatutako praktika da Ameriketako Estatu Batuetan, eta komertzialki garatzen da. Erresuma Batuan, legeztatuta dago baina modu kontrolatuan, eta ezin da komertzialki garatu. Espainian legez kanpoko praktika da. (2018ko informazioa).