Analfabetismo funtzionala

Analfabetismo funtzionala irakurri eta idazteko gaitasunak eskuratuta ere, gizartean funtsezkoak diren konpetentziak ez dituzten pertsonen egoera. Analfabetismo funtzionalaren barruan bereziki jaso da oinarrizko tresna informatikoak ez menderatzea, eta horregatik analfabetismo teknologikoa ere deitu izan zaio. Hala ere, badira teknologiarekin zerikusirik ez duten analfabetismo funtzional motak, hala nola analfabetismo idiomatikoa. Analfabetismo funtzionala bereziki gizarte industrialarekin (autoa gidatzen ez jakitea), globalizazioarekin (ingelesez ez jakitea, adibidez) eta informazioaren gizartearekin (telefono adimentsuak erabiltzen ez jakitea) batera zabaldu den fenomenoa da, eta horren ezaugarri nagusia atzera bueltaren posibilitatea da: irakurri eta idazteko gaitasunen kasuan ez bezala, egun analfabeto funtzionala ez den pertsona bat analfabeto bihur daiteke hemendik denbora batera, ingurune sozial eta teknologikoa aldatzen bada. Gainera, analfabetismo funtzionala metakorra ere bada; irakurtzeko ezintasunak oinarrizko ezagutzak eskuratze oztopoa den bezalaxe, ordenagailua erabiltzen ez jakiteak horrekin loturiko beste ezagutza batzuk eskuratzeko ezin gaindituzko traba izaten da. Azkenik, irakurtzen eta idazten ez jakitea klase sozialarekin loturiko fenomenoa izaten den bitartean, analfabeto funtzionalak bereziki adineko pertsonak izaten dira, klase sozialari erreparatu gabe.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Analfabetismo funtzionala"; Gizapedian, iraila 21, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/analfabetismo-funtzionala/.