Animazio soziokulturala

Animazio soziokulturala gizabanakoak elkartuz tokiko komunitateak osatu eta garatzeko ekimen eta jardueren multzoa da, gizartean komunitate horien rola eta partehartzea indartuz aisialdi nahiz hezkuntza arloetan, kritika, eztabaida eta aldaketa sozial eta politikoa sustatu asmoz, pluralismoan, elkarrizketa eta beste balio demokratikoetan oinarrituta. 1960ko hamarkadan garatzen hasi zen, herri hezkuntzaren eta helduen hezkuntzaren aldeko mugimenduekin batera, eta garrantzi berezia hartu du tokiko komunitateen kontzientzia eta ekimen sozial eta politikoa garatu behar den herrietan, emantzipazio kolektiboa eta demokrazia sustatze aldera.