Animismoa

Australiako aborigenek animistak dira: munduko izaki guztiek izpiritua dutela sinesten dute. Sinesmen horrek naturarekiko errespetua izatera bultzatzen ditu. Irudian, Australiako arte aborigena: fruitu lehor batean marraztutako animaliak.

Animismoa objektuek eta naturako elementuek bizia, arima edo izpiritua dutela (anima, alegia, eta hortik animismo hitza) sinesten duen mundu-ikuskera da, bereziki herri indigenen artean. Sinesmen horretan oinarritzen diren erlijioak modu generikoan izendatzeko erabiltzen den terminoa ere bada. Orokorrean, animismoa antropomorfismoarekin lotzen da, naturako entitateei giza itxura (arima, izpiritua) ematen dienez, eta izaki oro materia hutsa dela baieztatzen duen materialismoari kontrajartzen zaio.

Antropologia kulturalaren sortzailetzat hartzen den Edward Burnett Tylor antropologoak asmatu zuen animismo hitza 1871 urtean. Terminoa arlo akademikoan baztertzen bada ere, oraindik maiz erabiltzen da hizkuntza arruntean jatorrizko adierarekin. Tylor-ek materialismoaren ikuspuntutik pentsatu zuen terminoa, eta horrela animismo hitzean mundu-ikuskera horietan naturako entitateek anima izatearen sinesmena nabarmendu zuen.

Zientzia jarduera aurrerabidetzat hartzen zuenez, animismoa gutxietsi egiten zuen,Tylor-ek; hain zuzen, ikuspuntu eboluzionista zuen erlijioaren eta kulturen garapenean, animismotik politeismora eta hortik monoteismora, bere garaian puri-purian zegoen Darwin-en teoria bereganatuz. Hartara, animismoa erljio ororen oinarritzat harturik, erlijio guztiak ukatzen zituen, animismoaren enbor bereko adarrak zirelakoan.

Ikus, gainera