Argien Mendea: Ilustrazioa

Salon de Madame Geoffrin (1755), non Voltaireren tragedia baten irakurketa irudikatzen den, garaiko ilustratu nabarmenen presentziarekin.

Argien Mendea, Argien Garaia edo Ilustrazioa Europan, XVII. mendetik XIX. menderarte, XVIII. mendean bereziki, Europan eta baita ere Ameriketan, garatu eta zabaldu zen mugimendu intelektuala izan zen, arrazoia eta ezagutza gizartearen aurreratzearen ardatz gisa aldarrikatzen zituena eta modernitateari azken bultzada eman ziona. Argien Garaia deitu zen arrazoia gizakia eta gizartea argitzen zituen tresna zela sinesten zutelako horren jarraitzaileek, Erdi Aroko garai ilunetik askatze aldera.  Horren aurrekaria Berpizkundea izan zen, bizitzaren ardatza Jainkoarengandik gizakiarengara igaro zenean. Hartara, Ilustrazioak sineskeriaren eta ezjakintasuna baztertze aldera erlijioaren eta kleroaren boterearen aurka jo zuen, absolutismoaren eta aristokraziaren aurka ere agertu zen, eta herritarren askatasuna eta berdintasuna aldarrikatu zein giza eskubideak defendatu zituen. Ilustrazioaren sustatzaile nagusiak Jean-Jacques Rousseau, Voltaire, Isaac Newton, John Locke, Blaise Pascal eta Diderot izan ziren.

Ilustrazioaren ondorioak nabarmenak izan ziren Europan eta gerora mundu osoan: arrazoiari eta ezagutzari emandako bultzadak, Entziklopedia izeneko proiektuaren bitartez, Industria Iraultza bideratu zuten hainbat asmakizun ekarriko zituen, hala nola lurrun-makina, Eliza boterea galtzen joan eta laizismoaren aldeko ideiak zabaltzen joan ziren, eta Iraultza Frantsesa eragin zuen, sufragio unibertsala, giza eskubide indibidualak eta finean demokrazia ekarriko zuena, lehenbizi Europan eta gero mundu osora.