Arrazionala eta irrazionala

Gizakiaren sinesmen, erabaki, ekintza eta jokabideak arrazionalak zein irrazionalak izan daitezke. Arrazionalak edo arrazoizkoak direla esango dugu, haiek adimena baliatuz eta arrazoia erabiliz sortu, garatu eta gauzatu direnean, eta horiek jendartean orokorrean onartzen direnean (beraz, arrazionalak ez dago loturik soilik arrazionaltasunarekin, eta intersubjektibitateari ere lotu behar zaio); aitzitik, adimena baliatu gabe eta arrazoitik at, haiek irrazionalak direla esaten da. Gizakiak beraz arrazionalki zein irrazionalki jokatzen du, eta beraz ez da zuzena esatea animalia arrazionala dela, irrazionaltasuna ere berezko ezaugarria duelako.

Beste alde batetik, arrazionaltasuna teorikoa zein praktikoa ere izan daiteke; hain zuzen, gure ideiak, sinesmen eta iritziak arrazionalak izan daitezke teoriaren aldetik, baina irrazionalak praktikan, haiek ekintza eta jokabide moduan garatzean, hots pragmatismotik at eratuak.1

Arrazional eta irrazional izenondoak ideiak, sinesmenak, iritziak, ekintzak zein jokabideak balioesteko edo ezeztatzeko erabiltzen dira; eta hartara, arrazionaltasunaren etikaren baitan aztertzen dira. Horren baitan, arrazionala eta irrazionala izateko modu eta maila ezberdinak bereizten dira, askotan gauzak ez baitira guztiz arrazionala eta irrazionalak. Nolanahi ere, esan daiteke bi eratara izan gaitezkeela irrazionalak: arrazoirik gabeko sinesmenak eratzean, eta sinesmen horiek doktrinatzat hartu, eta ez teoriatzat, eta beraz haien aurka argudiatu daitekeen guztia ukatuz.

Arrazoirik gabeko sinesmenak, sinesmen irrazionalak alegia, ebidentzian eta esperientzian oinarritzen ez diren haiek dira; eta zuzenak ebidentzian oinarritzen direnak (ikus, baita ere, ebidentzialismoa). Baina askotan sinesmenak eta ideiak eratzen ditugu haietarako oinarri finkorik gabe. Zergatik? Badakigula sinetsita, sinesmen eta ideia horiekin alegia, seguruago, erosoago, zoriontsuago sentitzen garelako, baina ez da justifikazioa sinesmen eta ideia irrazionalak onartzeko. Argudiatu liteke, ordea, ondorio praktiko arinak dakartzaten ideiak izan ditzakegula, horrek zoriontsu egiten bagaitu, baina ez dezagun ahaztu ditugun ideia guztiak loturik egoten direla, eta ideia oker batek beste ideia asko kutsa ditzakeela.2 3

Erreferentziak

1.
Jesus Mosterín: El concepto de racionalidad (Dialnet-en eskuragarria).
2.
Huemer M. Philosophy Course Notes. University of Colorado. http://spot.colorado.edu/~huemer/note100ta.pdf. Accessed 2018.