Arrazionaltasuna eta irrazionaltasuna (arrazionala eta irrazionala)

Arrazionala eta irrazionala pertsonen jokaerari eta sinesmenei buruzko kualitatea da, zientzia kognitiboetan maiz hipotesi moduan erabiltzen dena. Adibidez, bihar ikasle batek azterketa egin behar duela, lagunekin parranda egitea irrazionala litzateke; eta zerua beltz-beltza dagoela, euria egin behar duela baieztatzea, arrazionala. Gutako bakoitzak badu arrazionaltasunaren ideia bat, baina galdeturik zer den arrazionaltasuna, zein den zerbait, izan ideia izan  jokaera, arrazionala izateko irizpide nagusia, gehienok ezin genuke erantzun argi eta sinplea eman. Hain zuzen, arrazionaltasuna ideia konplexua delako.

Hain zuzen, arrazionaltasun mota zenbait daude. Lehenengo bereizketa batean, arrazionaltasun instrumentala eta arrazionaltasun teorikoa bereizten dira. Arrazionaltasun instrumentala dagoenean, pertsona batek duena da arrazionala, bere helburuak lortze aldera; adibidez, euria egiten ez duenean, aterkia ez hartzea. Arrazionaltasun teorikoan sinesmenak dira arrazionalak (edo irrazionalak); adibidez, euria egin behar duela sinestea edo aurreikustea, irrazionala izan daiteke, zerua oskarbi badago adibidez. Bi arrazionaltasun motak loturik daude ordea, arrazionaltasun (irrazionaltasun) teorikoak arrazionaltasun (irrazionaltasun) instrumentala ekartzen baitu. Arrazionaltasun instrumentala ekonomian erabiltzen da bereziki, eragile ekonomikoak euren interesen arabera, euren utilitatea maximotuz zehatzago,  jokatzen dutenean esaten baita arrazionalak direla.

Bada beste bereizketa bat: arrazionaltasuna metodo zientifikoarekin lotu daiteke, hau da, zerbait arrazionala baldin eta horrela jokatu edo hori sinesteko metodo zientifikoa jarraitu bada; edota arrazionaltasuna helburu jakinei buruz ezartzen da, arrazionala helburuak lortze aldera egokia denarekin identifikatuz.