Artzaintza

Artzaina artaldearekin Urbian. Kredituak: Pascual Marín. Gure Gipuzkoa.

Artzaintza abereak larreetan eta itxiturarik gabe edo itxitura zabaletan hazi eta zaintzea da, eta bereziki abereak horrela zainduz egiten den bizimodu eta ogibidea, artzainena eta haien familiena, haragia, esnea, gaztak eta abereen ileak (artilea) landuz. Artzaintzaren jarduera ekonomikoari abeltzaintza estentsiboa deritzo, abeltzaintza intentsiboaren kontrakarrean. Artzaintzaren modu berezi bat trashumantzia da, urtaroaren arabera leku batetik bestera mugituz.

Adiera hertsian eta etimologikoki, artzaintza ardien hazkuntza eta zaintza da, artzainen eskutik alegia, beste abereen ogibideak unaia, abelgorriak zaintzen dituena, eta ahuntzaina, ahuntzak zaintzen dituena, aparte utzita. Adiera zabalean ordea, artzaintzak abeltzaintza guztiak barnehartzen ditu, abereak larrean eta aske uzten badira betiere. Munduko ekosistema guztietan aurki daitekeen jarduera da, antzinatik egiten dena, hala nola belardietan, sabanan, desertuan eta tundran. Haietan guztietan, artzaintza garapen jasangarriaren eredua izaten da, kasu batzuetan gehiegizko artzaintzak ekosistemak suntsitu baditu ere, deforestazioa eta desertifikazioa ekarriz.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, grazing, pastoralism; gaztelaniaz, pastoreo, pastoralismo.