Aulki jokoa, Uxue Alberdi: laburpena

Aulki jokoa Uxue Alberdi elgoibartar idazleak (1984- ) 2009an plazaraturiko eleberria da. Zaila da antzematea zer kontatu nahi digun Uxue Alberdik bere gaztaroko, eta beraz barkagarria den lan honetan: lan etnografiko bat, arrantzale herri bateko agure batzuen haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapen sentimentaletan oinarrituta, edo zahardadeko gainbeherari buruzko kontakizun bat. Biak batera akaso. Nolanahi ere, kontakizuna noraezean dabil eleberri osoan zehar, 1920-30eko hamarkadetatik gaur egungo  denboretara, harilkatzen ez dakien idazle baten jauziak, akrobazia estilistikoekin apainduak. Zalantzarik gabe, ipuin bilduma gisa askoz hobeto osatuko ziren orrialde multzo bat.

Laburpena

1. kapitulua (aspaldian)

Teresak kontatzen du haurdun gelditu zela Espainiako gerra zibilean, eta lehenengo herrian zabaldu zela erreketeek bortxatu zutela. Gero, bera zela soldaduekin ibiltzen zena, batekin baino gehiagokin gainera.

2. kapitulua (aspaldian)

Kostaldeko herri txiki bat. Kantoieta izeneko auzoa. Teresa txikia etxeko zorua garbitzen ari da igandean. Tarteka leihotik begiratzen du, ama kaiko moilara nola doan ikusteko, han igandeetan beste emakumeekin biltzen baita galtzerdiak egiteko. Bitartean, ahizpa herrenak, Maria Jesusek, bera baino zaharragoa dena, errieta egiten dio krudelki, lanean jarraitzeko. Ez da ondo konpontzen Maria Jesusekin, inbidia diola uste du. Amesgaiztoak ere egiten ditu berarekin: behin apaizaren etxera zihoala amestu zuem, amak harentzat prestatutako opila ematera, eta ahizpa herrena bere atzetik korrika dabilela amesten du, bere hanka herreneko zapata lodiarekin, bera harrapatzeko asmoarekin. Igandeetan, garbitu eta garbitu aritzen da beraz Teresa, herrenaren aginduz, aita etortzen denerako esaten duenez, Teresa aita ez dela itzuliko ondotxo dakien arren. Biartean, ama moilako petril gastatura iristen da, non gizonek labanak zorrozten dituzten, eta han beste emakumeekin biltzen da, galtzerdiak trikotatzen, batzuk artile eder eta koloretsuekin, eta beste batzuk artile zakarrekin, Teresaren ama bezalaxe. Senarrentzat egiten dituzte galtzerdiak. Moilatik kaleetara eta kaleetatik itsasora, abesti saltzaileek hilean bitan paper txikietan ekarritako abestiak aditzen dira, ahotik ahora zabalduak. Alaiak dira igandeak, beraz. Teresaren ama ordea, etxera joan eta galtzerdiak desegin egiten ditu, senar faltan, eta artileak biribilduta geratzen dira. Gauez alabek amaren negarra aditzen dute. Teresak artileak lixatu egiten ditu ondoren,  galtzerdiak alperrik egiten ari dela, senarraren falta duela finean, agerian ez jartzeko beste emakumeen aurrean.

3. kapitulua (gaur egun)

Kafetegi batean Teresa, Martiña eta Eulali emakume zaharrak daude. Kafetegira nor sartu egoten dira adi, kanaberazko zintzilikarioari esker, Eulali ezik, gorra dago eta. Lepoa okertuta daude, itsasora horrenbeste begiratzeagatik, Ixabel gozotegiko jabea ezik, nafarra eta beraz lehorrekoa delako. Elkarrizketa atsegina da, baina etsia, intranszendentala.

4. kapitulua (aspaldian)

Eulali eta Teresa, neska gazteak jada, goiz jaikitzen dira uda partean: antxoa-lantegira joan aurretik bainatzera joaten  dira. Olaetatik datorren txurreroaren zain egoten dira gero. Etortzen zenean, kontatzen hasten ziren, hogeika, hogei arte eta gero bat hogei, bi hogei , ... , bost hogei (100), ... Txurreroak hamaika kontatzerako pixa egin ohi du galtzetan, eta neskek une hori itxaroten dute, irrifartsu. Antxoa lantegiak burua kentzen diote antxoari. Mutilek ekartzen dute antxoa gurdietan eta haiekin begiradask eta irriak trukatzen dituzte. Igandeetan ere txurreroaren zain egoten dira. Eulariri gertatu ohi zaio txurreroari begira berari ere pixalarria etortzen zaiola. Teresak serorari kontatu eta Eulaliri infernura joango dela esaten dio, horrela jarraituz gero. Eulalik negar egiten du, Jesukristok pixa non egiten duen galdezka. Barrez bukatzen dute ordea beti bi neskek txurreroarekin eta ahoa ere txurroz beterik.

5. kapitulua (gaur egun)

Gozotegian daude Teresa eta bere lagunak. Gaur egungo gazteak denak berdinak direla diote, lehen ez bezala, lehen janzkeraz zein herritakoak ziren ere jakin zitekeen. Egungo gazteak zilborra erakusten ibiltzen dira, eta horretan ere denek berdina dute: zurixka. Beraiek ordea, marroxka dutela diote. Hortik elkarrizketa gozotegian bildutakoen adinera, Teresa, Maritxu, Eutimio, Felix, eta besteak, inguruko mahaietakoak, denak agureak. Paper batean bilduta daude adinak. Ixabelek papera hartu eta batuketa eginez, denen artean mila urte dauzkatela diote. Aski eta sobera! Adin batetik aurrera pozgarria da urteak betetzea. Gizon bat sartzen da eta tarta bat eskatzen du alabaren urtebetetzerako. Alde egin baino lehen, Teresak galdetzen dio ea ze kolorekoa duen zilborra berak. Gizonak flipatu egiten du baino azkenean erakutsi egiten die zilborra: zurixka. Kantoietakoen kasta galtzen ari dela dio Teresak, zilbor marroxka dutenena.

6. kapitulua (aspaldian)

Martiña Kantoietan etengabe egiten diren apustuen lekukoa da. Gurasoek denda dute eta dendan aparte jartzen diren garbantzu umelak besterik ez dio uzten aitak apustuan jartzen. Bereziki ikusgarria da Eutimio izeneko mutikoak kanpotarrei botatzen dizkien erronkak, baietz 3, 6, 15 minutu urpean, erreal bat, bi edo bosten trukean. Eta urpean sartu eta beti suertatzen da irabazle: sekretua, urperatu bezain laster urtean buelta emandako txalupen azpira doa eta hango airea arnastu, kanpora atera behar duen arte.

7. kapitulua (gaur egun)

Eutimio Martiñari laguntzen ari zaio dutxatzen bainugelan. Emakume zaharra eta ezindua da, beso bat paralizaturik dauka. Berak bere gaztetako gorputza gogoratzen du ordea. Senarraren laguntzarekin biluzten ari dela, moilara joan nahi duela dio. Eutimiok txorakeriak uzteko esaten dio. Ura orain hotza orain beroa dagoela eta haserretu egiten da Martiña. Eta halako batean seme Angel Mari sartzen da. Ea zer gertatzen den. Martiña konturatzen da Eutimiori ezkon eraztuna falta zaiola eta itsasora nahita bota duela dio, haserretu egin direlako. Semeak emakume laguntzaile bat hartu beharko luketela dio, udalari eskatuta edo. Aitak ezetz, semeak aurpegiratzen dio etxea zikina dagoela, platerak, koilakak, ... likatsu, eta bere alkandora oilio-orbanekin. Eutimiok ez du inor nahi etxean, bazterrak miatzen hasi eta kalean kontu-kontari hasi delako. Eta emazteari botatzen dio errua, semeak eztabaidatzen ikusi ditu eta.

8. kapitulua (gaur egun)

Eutimio eta haren atzetik Martiña, makuluekin, sartu dira gozotegira. Kafe bana eskatzen dute. Martiñak jarraitzen du ezkon eraztunaren kontuarekin eta Ixabeli kontatzen dio. Setatsu dago Martiña, kaira joan nahi du eta, eta Eutimio haserre eta isilik, berez berritsua den arren. Teresa sartzen da, beste bi edadetuekin. Eta Eulali ere badator. Astelehena, gozotegiak itxira beharko luke egon, baino Ixabelek zahar guztiei deitu die etor daitezen. Teresak patxarana eta tabakoa eskatzen du, bere adinean ja ez du minbiziak harrapatuko. Eulalik bere kikara propioan hartzen du kafea, kutsatu edo gaixotzeko beldurrez. Felix falta da, baina ez da gehiago etorriko, hil egin da eta.

Emakume txirrindularia sartu eta azukrea urarekin eskatzen du lagunarentzat, flakiak eman dio eta. Eutimio harengana inguratu eta azukreak ezer ez diola egingo sinestsita, baratxuri zatia emasten dio. Ixabelek errieta egiten dio Eutimio, bazterrak nahasteagatik. Eutimiok erantzuten dio berak beti baratxuria eramaten zuela itsasora, flakiak edo zorabioak jota geratzen zenerako. Emakumeek ere baietz diote. Azkenean, txirrindulariak hobeto dagoela dio. Eta atea ixtearekin batera, zintzilikarioak klin-klin hotsa ateratzen du, film batean bezala, gozotegiko eszenak banatuz. Felix hil da, eta Teresa konturatzen da ez direla bueltatuko mila urte egitera guztion artean. Felixen heriotza guztiona ere bada pixkat. Ixabelek Felixen aulkia erretiratu du.

Eta Teresa orduan txikitako aulki-jokoarekin gogoratzen da. Aulkiak biribilean jarrita, neska mutilak eseri behar ziren musika isiltzean, eta aulkirik gabe geratzen zena kanporatzen zen. Teresak esaten du ozenki beraiekin jolasean ari dela. Zein? Ez du esaten, baina heriotza da beraiekin jolasean dagoena, aulkietan bueltaka ibiltzeko garaia, musika isildu arte.

9. kapitulua (gaur egun: Eulali)

Eulali gozotegiko komunean dago. Eginbeharrarekin batera, hausnartu egiten du. Heriotza zer den. Eta pentsatzen du hiltzea bizitzan markak uzteko dugun ahalmena galtzea dela. Horregatik da hain tristea gazteak hiltzea, marka asko uzten dituztelako bizitzan, eta egun batetik bestera marka horiek galdu egiten dira. Zaharren kasuan ez da hain nabarmena. Pentsatu egiten gaituztelako bizi gara. Gogoratzen da Felix, Eutimio eta beste gizonak dominoan jolastu eta fitxa bat beste baten atzetik jarrita denak nola erortzen ziren, bada berdin eroriko da orain Eutimio Felix ondoren. Azken gizona da, gainera. Komunetik atera, eta Ixabel zertan aritu den galdetzen dio. Pentsatzen, dio Eulalik. Ixabelek, elukeela horrenbeste pentsatu behar, eta ea bonbatik ura bota duen. Eulalik dio markarik gabe, nola jakingo duten komunetik pasa dela. Gozotegian dauden neskak gonbidatzen ditu beste kafe batera, konturatu gabe Eutimio ere hor dagoela. Azken gizona izatea emakumeen artean guztiz eramangaitza izan behar da. Ixabelek errieta egiten die, kafea behin eta berriz hartuta dena zikintzen ari direlako. Eulalirentzat berriz, ez da zikina, beraiek utzitako bizitza-marka baizik.

10. kapitulua (aspaldian)

Martiñaren amak elikagaien denda bat dauka herrian. Eta ondoan aitak bizartegia du. Aitak ez dio uzten bizartegira sartzen, hor gizonek bere kontuetaz hitz egiten dutelako. Aita gainera berritsua eta zirtolaria da, eta horrekin bezeroak erakartzen ditu. Ama berriz isilagoa, baina esaldi borobil eta misteriotsuak botatzen zituen (dendariaren ahora sartzen den eulia ez da inoiz ateratzen, eta abar, ...). Martiña txikia da, eta aita ernegatuta dago horrekin, emakume altuak atzegin dituelako. Denbora guztian neurtzen dabil neskaren altuera. Martiña ere saiatzen zen, gorputza luzatzen ohean eta tente ibiliz, baina alperrik. Bestalde, Martiña dendako lanetan lagundu eta azkenean ere ikasi egin zuen ederki, fundamentuz. Salgaiak nola ordenatu, norekin fidatu eta norekin ez. Gauzek bere ordena behar dutela eta. Eta gauzak bezalaxe, baita bizitzak ere, ezkondu ezkero, senarra betirako zela. Izan ere, bere guztiz harrituta geratu zen Teresaren aitak emakume beraneante frantses batekin alde egin zuela aditu zuenea, berak sinetsi ez bazuen ere, Ternuara bakailaotara joan zela sinetsita baitzegoen.

Familia frantses batzuk joaten dira udaran herrira. Eta Martiñak eta bere lagunek inbidia diote frantsesita haiei, dotoreagoak, ile horiak, distira dutelako. Izozkiak jaten dituzte. Eta Martiña eta lagunak haiei begira geratzen dira, eta Martiñak baita ere imitatu izozkiak miazkatzeko mugimendua bere etxeko ispilu aurrean,  aitak, Martiña horretan ari dela, zaplaztekoa ematen dion arte.

Batzuetan eskolako jolasorduan dagoela, dendara joaten da enkarguak egitera. Irteera haietako batetik bueltan, Teresarekin elkartzen da. Teresa bera baino zazpi urte helduagoa da, baina errespetuz eta serio tratazen du Martiña. Teresaren ahotik aditu zuen lehen aldiz sexu hitza, besteek nazkagarrikeria esaten ziotenean. Eta bere zirrara ikusita hori aditzean, Teresak irrifartsu begiratu zion. Teresak esan zion gainera, berak emakumeek bere aitari buruz aditutakoa kontatu zionean, bere aitarena egia zela, emakume frantses batekin alde egin zuela. Eta horretan ari direla, Martiña eztulka hasi eta Teresak kolpetxoak ematen dizkio bizkarrean, eztarria askatu eta euli hila ateratzen zaio ahotik. Amak esaten zuen bezala: dendariaren ahora ...

11.  kapitulua (gaur egun)

Eulaliren hausnarketak. Bere belarriak ez daude ondo. Ez du aditzen. Baina horrela askeago sentitzen da, bere barruan galduta. Jendeak erotuta dagoela uste du, ordea. Alaba bai eroa, beti presaka, telefonoa hartzeko, poltsan daukana bilatzeko, ... Bera berriz, beti lasai. Berak aditzen du ordea, Teresak eta Martiñak kolpetxoak ematen dizkiote gozotegian jendea sartzen denean, kode hori dauka aditzeko. Entzumena bi belarrietatik modu desberdinetan galdu zuen: bata, txikitan, antxo lanetarako erabiltzen ziren plastikozko tutuak hartu eta barruan sartutako paperezko kukurutxo txikiak botatzen zizikitoen elkarri putz eginez. Mutiko batek indar handiz bota zion, belarri zulora zuzenean sartu eta entzumenik gabe geratu zen belarri horretatik; bestea, bizitzan zehar poliki poliki. Guztiz gorra geratu zenean, gauza eta egoera bakoitzari egokitzen zitzaion soinua aditzen zuen, automatikoki (pertsona batek agurtu eta "kaixo!" entzuten zuen). Baina pentsatu zuen modu horretan libre izan zitekeela eta nahi zuena bakarrik entzun zezakeela, soinu desatsegina aditu behar zituen egoeretan, soinu guztiak memorian gordeta baitaude; adibidez, anbulantzia baten sirena ikustean birigarroaren kantua aditzen du, okinari Marlon Brandoren ahotsa jartzen dio, eta harriak itsasora botatzean kristalak haustearen soinua. Gauza bati bakarrik egiten zaio ezinezko soinu atsegina jartzea: alaba eta senarra eztabaidan hasten direnean, hain gogor aritzen dira, non elkar hil behar dutela dirudien.

12. kapitulua (aspaldian)

Martiña eguerdiko hamabietan maitemindu zen Eutimiorekin. Eutimio dendara etortzen zen kanpaiak jotzean, babesera, kanpaikada hots izugarriek izututa ehundaka kaiok hegaka hasi eta egiten zituzten txilioetatik (eta kaketatik!) babesteko. Eta kanpaiak jotzean, alde egiten zuen. Eutimiok nola deitzen zuen maite zuen, Martiña besterik gabe, ez Martiñá, aitak bezala, edo Martiñaaaaa, amak bezala. Maitemindu zen eguna larunbata dela gogoratzen du, bera garbantzuak beratzen ari zelako, larunbatean uretan jartzen zirelako garbantzuak igandeetan saltzeko, igandeetan garbantzuak jateko ohitua zegoelako Kantoietan.

Eutimiok fabrikan ari zen lanean orduan, baina laster itsasoan hasteko asmoarekin. Hari buruz gehiago jakiteko, Eutimiok dendan pasatzen zuen tarte txikian ez baitzuen ezer asko esaten, Teresari galdetzen zion. Teresak Eutimio zaindu zuen txikitan eta asko zekien hari buruz. Esaterako marinel sartzeko egin zuen trikimailuarena: marinel sartzeko ezinbestekoa zen igerian ez jakitea, igerian zekien marinela zeraman ontzia hondoratu egiten zela sinesten baitzen orduan (sineskeriak!), baino igerian zekien ala ez probatzeko ontzitik behera bota zutenean, arropa eta guzti, berak ederki egin zituen itotzen ari zenaren itxurak, eta hartu egin zuten.

Martiñak gogoratzen du hamaiketan maitemindu zela berarekin, zehatzago hamaiketarako lau segundu falta zirela, zazpigarren kanpaikadan Eutimiok neska batekin maiteminduta zegoela aitortu ziolako, lau segundu geroago alde egiteko. Eta Martiña ere maitemindu zen, Eutimiorekin. Hurrengo egunetan, berdin, Martiñak irribarrez hartzen zuen dendan, baino orduan jakin zuen, Eutimioren ahotik, ez zegoela berarekin maitemindurik, Maite izena zuen beste neska batekin baizik, Olaetakoa. Martiñak sekulako oinazea semtitzen zuen, egunero egunero Eutimio inguratzen zenean dendara eta eskerrik asko! esaten zionean. Amesgaiztoak ere izaten zituen. Egun batean ordea Eutimiok etortzeari utzi zion, ontzi batean Frantziara ihes egina zen bere aitarekin eta herriko beste gizon batzuekin, gerra zibila zela eta. Bolada batean ez zuen Eutimio ikusiko, baina horrela behintzat oinazea arindu zitzaion, Maiterekin ez zegoela jakitun.

Egun haietako batean, Teresa, 25 urte ja (berak 18 zituen), ikusi zuen kaletik antxoa pila batekin. Laguntza eskaini zion eramateko, eta halako batean bizikleta bat ikusi zuten, eta jabea ere bai. Teresa eta Martiña ezkutatu ziren. Gizon iluna zen, plaza erdi-erdira joan, eta txurreroak pixa egiten zuen lekuan bertan, Espainiako bandera zabaldu zuen, bi tiro egin eta Kantoieta hartuta zegoela oihu egin zuen. Txalupa pintatzera zihoazen bati pintura gorria sustoagatik erori eta hantxe geratu zen

13. kapitulua (aspaldian)

Eutimio eta beste gizonak uste baino lehenago itzuli ziren, baita lehorreratu bezain laister preso hartu ere bai. Martiñak jakin zuen, Teresak ere bere mutil-lagunari bisitak egiten zizkiolako kartzelara, Eutimiok Maiteren bisitak jasotzen zituela. Ez zen kartzelan asko egon, 15 egun bakarrik. Hurrena, Eutimioren berri gutun baten bitartez jakin zuen. Bere helbidearen azpian, España una, grande y libre jartzen zuen eta susmo txarra hartu zion, Ferroldik zetorren. Eutimiok esaten zuen gutunean itsasontzi batean zegoela, orain alde nazionalean, Espainia defendatzen. Gutunean mesede bat eskatzen zion, Maiterengana joan (harengana joateko argibideak ematen zizkion), eta hari esateko bere zai egoteko, itzuli egongo zela. Martiñaren oinazea ere itzuli egin da, inoiz baino bortitzago, eta korrika doa Teresarengana. Eta Teresa guztiz sumintzen da, gutuna irakurrita.

14. kapitulua (gaur egun)

Teresa, Martiña eta Eutimio eztabaidan daude gozotegian. Eutimiok ez du sinesten kantoieta gizon bakarrak hartu zuenik. Teresak eta Martiñak baietz, ikusi egin zutelako. Eta gainera, eroritako pintura gorriaren mantxa hortxe dago oraindik. Eutimiok uste du mantxa hori fusilatutako txurreroarena dela, baina Teresak esaten dio ezetz, txurreroa beste toki batean, frontoian, fusilatu zutela, koldarra zela uste zutelako.

15. kapitulua (aspaldian)

Eulalik gogoratzen du frontoiaren paretaren aurka zortzi gizon jarri zituztela eta horien artean txurreroa zegoela. Berak dena ikusi zuen eliz barrutik, nola bi soldatu nazionalek txurreroa hil eta cobarde hijo de puta esaten zioten. Zortzi gizonak paretaren aurka, eta haiek zelatatzen bi soldaduak, hara eta hona eta tarteka barrezka. Gizonei esan zieten azkenik pixa aurrena egiten zuen hura beste inor ez zutela hilko. Zortzi gizonen artean urduritasuna zegoen, eta baten bat negarrez hasi zen. Txurreroak kontsolatu zuen. Eulalik bazekien aurrez bera izango zela pixa egiten aurrena. Bere baitarako pixa ez egiteko erregutzen zuen, baina azkenean pixa egin eta tiro egin zioten. Duintasunik gabeko heriotza eman ziote gizajoari, bere pixaren gainean zerraldo erorita. Inork ez du hil nahi, baino denok dakigu hilko garela eta gutxienez duintasuna nahi dugu. Hari ukatu zioten.

16. kapitulua (gaur egun)

Agure lagun guztiak bildurik daude gozotegian. Eutimiok esaten du amua sartu zuela begian eta berak bakarrik amua ateratzean galdu zuela begia. Teresak dio berak bi nini dituela begian, eta gehiago ikusten duela horregati. Eta dena bere haur txikia hil zelako tuberkulosiak jota, bere irudia begian geratu zitzaiolako. Luix zuen izena Teresaren haurrak, eta lau urterekin hil zen. Emaginak esan zuen ume hori ezin zela bizi argitan. Eta horrela ilunpetan moztu zioten zilborra, herdoildutako guraizeekin. Tomaxa emaginak jaiotzen lagundutuako azken haurra izan zen eta geroztik denek dute zilbor zuria.

17. kapitulua (aspaldian)

Kantoieta nazionalek hartu zuten egunean, aitak Martiñaen aulkiari ostikoa eman zion, eta Martiñari errieta egin, hazi egiten ez zelako. Gero samur begiratu eta errieta bere hobe beharrez, bere onerako, egiten zuela esan zion hala ere. Ama, berriz, beti isilik zegoen, emoziorik gabe. Horrela haurtzaroa eta gaztaroa pasa zitzaizkio, hutsik bihotza. Dendako lana mekanikoki egin zuen urte batzuetan zehar. Garai hartako oroitzapenak lausoak dira oso, ezer gertatu izan balitz bezala. Egun batean ordea, Teresa etorri eta Eutimio itzulia zela esan zion. Eta Olaetara joan zela Maiteren bila. Alperrik, bazirelako orduan bi urte Maite ezkondu zela. Teresak aurpegiratu zion Martiñari nolatan egon zen Eutimioren zain, Eutimiok maite ez zuelako. Martiñak denda itxi, eta negarrari ematen zion, eta hil egin behar zela ere izan zuen amesgaizto. Amak atean danbatekoa eman eta Martiña garbitzen ari delako itxurak egiten hasi zen, harik eta kanpoan itzal bat ikusi zuen arte. Itzala dendara sartu zen. Eutimio zen. Babesera zetorrela esan zion, beti bezala. Martiñak, sabelean sekulako pisua sentitzen duen arren, barrura sartzeko keinua egiten dio.

18. kapitulua (aspaldian)

Teresa Espainiako tropa nazional faxisten aurkakoa da. Eta zigor modura, ilea, ile-adats osoa, moztu behar diote, erabat burusoildu. Eta nori agindu hori egiteko? Martiñaren aita bizarginari. Martiñaren aitak barkamena eskatzen dio Martiñari, aginduta egiten du. Teresa negar batean dago, Berdura Plazaren erdian jarri dute, denen bistan, eskuak loturik. Gaineko arropa ere kentzen diote, eta zapatak ere bai. Sekulako hotza egiten du. Ilen biltzen da bere bizitza guztia, eta moztu behar diote. Erotu beharrean dago Teresa, ez ukitzeko oihukatzen du behin eta berriz. Martiñaren aitak aurrera jarraitu behar du, erreketeen begirada zorrotz eta isekariaren aurrean. Poliki egiteko esaten diote. Bukatutakoan, ur hotzeko baldea gainetik botatzeko agintzen dute erreketeek, ile eta apar arrasto guztiak kentzeko, eta arropa guztia bustita geratu zitzaion. Bere ahizpa Maria Jesusekin gogoratzen da, hura ere gorrotagarria, erreketeak bezala. Eta bere hankako behatz luzeari begira, hari esandakoak errepikatzen du: Koxka hori ateratzen dinat nik ere!. Eta burutik heltzen ari zaion erreketeak belarrondoko bat ematen dio. Martiñaren aitari erratza pasatzeko agindua eman, ilea jaso eta su eman zioten.

19. kapitulua (gaur egun)

Eutimio gozotegira sartzen da semearen laguntzarekin, itsasoaren tiraina edo korronte eta indar bizia sentitzen duela esanez. Berakatz edo baraxuria eskaintzen diote, ohi bezala, tirain horrek eragiten duen ondoezari buelta emateko. Martiña erori omen da (hau inportantea da eleberriaren amaiera ulertzeko!), medikutan dabil eta ez da etorriko. Eulali sartu da, ezin du ezer entzun eta besterik gabe eseri egiten da. Ixabelek (dendako nagusia) alboko emakume bati pasa dio Martiñaren aulkia eta Teresa sumindu egiten da. Martiña aulki-jokotik, bizitzatik, kentzen ari dela esaten dio gogor. Zahardadeari buruz hasten dira hizketan lagunak: Eutimiok dio itsasoak tira egiten diola, Eulalik berriz belarrietatik ez ezin beste zentzumenetatik ere gero eta gutxiago sartzen zaiola, mundua kanpoan geratzen ari zaiola, eta Teresak lehen bere burua ispiluan ikusi eta heriotza ikusten zuela, baina orain bere burua ikusten duela.

20. kapitulua (aspaldian)

Terera haurdun geratu zen, baino ez erreketeek bortxatuta edo soldaduekin ibiltzen zelako, baizik eta mutil-lagun bat kartzelan bisitatu opari batzuk ematera eta gona altxa eta larrua jo ziolako. Hori buruko ilea plazan kendu eta pare bat astera gertatu zen. Kapelua eramaten zuen, hari itsasitako bi ile-xerloekin. Larrua jo zion eta gero berak eramandako zigarro bat eskaini. Berarekin batera erre zuen. Gero kalean ikusita, mutilak esaten zion ea haurra berea zen. Berak ez zion erantzuten.

Martiña ordurako Eutimiorekin zebilen. Ja ez zen berarekin elkartzen. Teresak galdetu zion behin Eutimiorekin zihoala eta berataz lotsatzen zen, eta Martiñak ezetz egin zuen buruarekin. Baina Martiñak ja ez zuen Teresaren beharrik. Agian inoiz ez zuen nahi izan bera bezalakoa izan, agian Teresa jolas bat besterik ez zen.

Teresak bazekien haurra maitatu behar zuela, nahiz eta ezin zuen imajinatu nolakoa izango zen. Galtzerdi eta jertse anizt egin zizkion. Heldu zen haurra jaiotzeko eguna eta Tomaxa emagina etorri zen. Argia itzaltzeko esan zuen, umea izan zedin argia ekarriko zuena. Mutikoa izan zen eta Luix jarri zioten izena. 4 urterekin hil zen, tuberkulosiak jota, medikuak esanda. Maitrak zioen matematikako taula guztiak zekizkiela 4 urterekin, eta ume hori ezin zela bizi argiaren argiz. Maite izan zuen, asko.

21. kapitulua (gaur egun)

Eulaliren hausnarketak gozotegiko azken egonaldiari buruz. Bera, Eulali, gozotegira sartu, eta apenas ulertzen zuen ezer esaten ari zirenaz. Martiñaren aulkia zergatik ari ziren kentzen galdezka ari zirela bai, ezpainetan irakurrita. Bazekien ere, egun horretan agertu ez bazen ere, Martiñak aspaldian zeukala begirada galdua. Eta orain badaki Martiña hiltzen ari zela. Baino azken unera arte saiatu zela bere aulkia betetzen aulki-jokoan, lagunekin egoteko, dotore-dotore beti bezala.

22. kapitulua (gaur egun)

Eutimio eta Teresa hizketan ari dira. Eutimiok dio Martiña emaztea moilan, kaian, aurkitu zuela. Martiñak hau esan zion: baietz bost minutu azalera irten gabe. Martiña erori ote zen apustua irabazi nahian? Eta hortik hil? Ez dago garbi amaiera. Eutimiok dio bera ondo dagoela, eztarrian pixka bat ezkon eraztuna (Martiñak uste zuen beti itsasora bota zuela) trabatu izan balitzaio bezala. Biak gozotegitik atera dira. Ixabelek aulkiak jaso eta mahai azpian sartzen ditu, agure lagunak laister eta betirako joango direlako seinale edo.

AMAIERA

Pertsonaiak

AGUREAK

  • Teresa, agure helduena. Gerra Zibilaren garaian haur bat izan zuen, 3 urterekin hil zitzaiona (Luix).
  • Eulali. Gorra da guztiz, baina munduaren pertzepzio berezia eta fina du. Txikitan ere, Teresarekin ibilitakoa.
  • Martiña, Teresaren laguna txikitan. Eutimiorekin ezkonduta dago: gazte gaztetatik Eutimiorekin maitemindua, nahiz eta Eutimio beste neska batekin, Maiterekin, maiteminduta izan. Martiña ezinduta dago.
  • Eutimio. Martiñaren senrra. Arrantzale izandakoa.

BESTE PERTSONAIAK

  • Ixabel, agureak biltzen diren gozotegiko jabea.
  • Txurreroa, agureak txikiak zireneko pertsonaia. Gerra zibilean afusilatu zuten.
  • Maria Jesus, Teresaren ahizpa herrena.
  • Martiñaren aita, bizargina.