Autofikzioa

Autofikzio terminoa Serge Doubrovsky frantses idazleak 1977 urtean erabili zuen lehen aldiz bere Fils (Seme) eleberria kategorizatzeko. Autobiografía generoaren kritika gisa definitu zuen, genero autobiografikoa pertsonaia ospetsuentzat egina zegoela argudiatuz, bereziki bizitzaren amaieran eta estilo dotore batean. Autofikzioa, berriz, “gertaera eta egitate errealen fikzio” moduan definitu zuen, norberari buruzkoak baina ez norberarengana mugatuak, eta horren estiloa “hizkuntzaren abentura” gisa definitu zuen. Hartara, autofikzioa norberaren bizitza erreala ardaztzat harturik, eta fikzioak eskaintzen dituen baliabideak baliatuz, osatzen doan narrazioa da. Guztiz errealak ez diren gertaerak barneratzen ditu, eta autobiografía mugatzen duten estiloa gainditzen du. Hala ere, autobiografía ez da horregatik narrazio errealagoa, autobiografiak ere, ustez duen hasierako neutraltasunari traizioa egin, eta ariketa desitxuratua gertatzen baita maíz, kontzientea gainditzen duen inkontzientearen eraginaren bitartez, ezinezkoa baita oroitzapenak bizitza errealaren islada guztiz fidela izatea, areago autobiografía bizitzaren islada pertsonala besterik ez da, alboratua beti eta mugatua. Autofikzioak behintzat muga horiek gainditu eta norberaren bizitzaren narrazio askea proposatzen du, eta modu horretan autobiografiak baino fidagarriagoa da narratzailearen bizitza eta pentsamoldeari buruz.