Autoikaskuntza edo ikaskuntza autonomoa, autodidaktak

Autoikaskuntza edo ikaskuntza autonomoa subjektu batek ikasi nahi duenaz jabetu eta ikaskuntza hori aurrera eramateko ekintzak antolatu eta burutzen dituenean aurrera daraman prozesu intelektuala da, prozesu kognitiboa eta baita ere metakognitiboa, autoikaskuntzan subjektuak dakienari buruzko ezagutza eta kontrola edukitzea ezinbestekoa baita. Autoikaskuntza aurrera daramaten pertsonak autodidaktak direla esaten da. Autoikaskuntza osatzen duten elementuak dira ikasteko interes eta motibazioa, aurretik ikasitakoaren kontzientzia, ikasi behar denaren baliagarritasuna eta beraz, teoriaren eta praktikaren arteko oreka. Pentsa liteke prozesu autoikaskuntza bakarrik ikastea dela, baina ideia okerra da guztiz: bakarrik ikasi egin daiteke, baina ikaskuntza autonomoa hobea da, eraginkorragoa, taldean eta gizartean egiten bada. Baditu abantailak talde-ikaskuntzaren aldean: autoikaskuntza subjektuaren egoerara hobekien moldatzen den ikaskuntza da, eta malguena gainera, ikasleari erabateko askatasuna uzten diolako zer ikasi eta zer ez ikasi erabakitzerakona, nola eta noiz. Internet eta beste informazio eta komunikazio-teknologien garapenak pil-pilean jarri du autoikaskuntza XX. mendearen bukaeratik, eta autoikaskuntza ezagutzaren gizartearen ardatz bilakatu.