Autorrealizazioa

Psikologian, autorrealizazioa pertsonaren ahalmen propioak gauzatzeko bizitzako joera da, pertsona izan daitekeen eta izan nahi duen hura izatera daramana. Definizio orokor horren baitan, eta betiere psikologia humanistaren ikuspuntutik, kontzeptuaren azalpen zehatzagoak eman dira.

Lehenbizi, autorrealizazioari buruz Abraham Maslow psikologoak (1954) emandako kontzeptualizazioa dugu, autorrealizazioa beharrizan bezala definitzen duena, bere izena daraman beharrren piramidearen gailurrean hain zuzen, urritasun-beharren gainetik. Haren arabera, autorrealizazioa honako alderdi hauek barnehartuko lituzke, besteak beste: norberaren onarpena, autonomia, komunitate-sentimendua, betetasun osoa, giza harreman sakonak eta hautatuak eta sormena. Bigarren ikuspuntua Charlotte Bühler psikologoak emanda (1962) datorkigu, autorrealizazioa kontzeptu historiko gisa azaltzen duen bizitzan zehar; haren arabera, autorrealizazioa bizitzaren joanaren betetasun edo gailentzea litzateke, pertsona bakoitzak bere bizitzari buruz egiten duen betetasunezko balorazio positiboa. Azkenik, hirugarren ikuspuntua C. R Rogersen eskutik (1961) datorkigu, autorrealizazioa helmuga baino prozesu edo norabide moduan definitzen duena, pertsona autorrealizatua etengabe positiboki aldatzen doan pertsona izanik, modu integralean eta bizitzaren esperientziara zabalik bizi dena.

Erreferentziak

 


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Autorrealizazioa"; Gizapedian, urria 14, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/autorrealizazioa/.