Avizena

Avizenaren irudikapena, berak egindako lanetako baten eskuizkribuan.

Avizena (latinezko alfabetora egindako ohiko transkripziozko izena), arabieraz Ibn Sina (980-1037) filosofo, zientzilari eta sendagile arabiarra izan zen, Erdi Aroko mundu islamikoko ezagunena. Filosofoan, bereziki metafisika landu zuen eta ildo horretatik aristotelismoa eta neoplatonismoa uztartzen zituen sistema filosofikoa eratu zuen, erljio islamikoaren doktrinarekin bateratzeko asmoz. Eskolastikan eta bereziki Tomas Akinokoarengan izan zuen eragina. Arrazoia Jainkoarengandik datorkigu bere esanetan, Beharrezko Existentziatik bere hitzetan, eta aldi berean Arrazoia da Jainkoarekin bat egiten gaituena. Fedea eta arrazoia batera doaz beraz bere filosofian: logika eta zientzia, haien perfekzioan, Jainkoarengana heltzeko bideak dira. Bere bi lan garrantzitsuenak Sendaketa (Kitab al-shifa), entziklopedia filosofiko eta zientifikoa, eta Medikuntzaren Kanona, Al-Qanun fi al-tibb, medikuntzan erreferentzia nagusia izan dena mendeetan zehar, baita Mendebaldean ere. Egungo Uzbekistango Bukhara hiritik gertu jaioa, Bukharanen heziketa bikaina jaso zuen, medikuntza eta filosofia bereziki. Bukharan bertan Samaniden dinastiako gorteko mediku eta goi funtzionari gisa lan egin zuen. Dinastia kendu zenean, beste lurralde batzuetara aldatu zen, bertako agintarien kontseilari gisa betiere. Azken urteak egungo Irango Isfahan hirian eman zituen. Ardoaren eta emakume gazteen maitalea ere izan omen zen, islamaren ortodoxiaren aurka.