Azpiegitura eta gainegitura (infraestruktura eta superestruktura)

Azpiegitura eta gainegitura, infraestruktura eta superestruktura ere hurrenez hurren deituak, gizartearen eraketa eta bilakaera azaltzeko marxismoaren ikusmolde materialistatik eratutako bi kategoria dira. Azpiegitura (egitura edo oinarri materiala ere deitua) gizartearen egitura ekonomikoa da, ekoizpen-erlazioek eta ekoizpen-indarrek osatzen dutena. Ekoizpen-erlazioek eta ekoizpen-indarrek erlazio dialektikoa dute elkarrekin: aldi batez, ekoizpen-erlazioek ekoizpen-indarrak garatzen laguntzen dute, baina une batetik aurrera, erlazio horiek indarrak garatzeko oztopo bilakatuko dira, krisia sorraraziz. Gainegitura, berriz, erakunde juridiko-politikoek, Estatuak, ideologiak, erlijioak eta oro har gizarte-kontzientziaren formek osatzen duten multzoa da. Marxismoan, azpiegiturak gainegiturari eragiten dio, eta horretan datza marxismoaren ekarpen nagusi bat: Marx-en eta Engels-en arabera, ekonomiak beste guztiaren oinarria da, gizartea aztertzeko ez zaio gizakiok pentsatzen dugunari erreparatu behar, gizakiok bizimodua aurrera ateratzeko dugun moduari baizik.