Azterketa esploratzailea eta azterketa berrestailea (esplorazio-analisia eta berrespen-analisia)

Azterketa edo analisi esploratzailea eta berrestailea (esplorazio-azterketa eta berrespen azterketa ere deituak) ikerketa estatistikoaren bi ikuspuntu edo prozesu dira. Ez dira elkarren aurkakoak edo bateraezinak, areago batera garatu beharreko prozesuak direla irizten da. Beste alde batetik, bereziki analisi konplexuak garatzerakoan sortzen direnikuspegiak dira, aldagai anitzeko analisian kasu, baita ere Datu Handiak direlakoak aztertzean.

Azterketa esploratzailearen helburua datuetatik eskuratu nahi den informazioa zein den erabaki, informazio hori eskuratzeko datuak nola landu, aldagai garrantzitsuenak aukeratu, datuetarako ereduak ezarri eta azkenean aurresanak eta konklusioak ematea da.

Azterketa berrestailea berriz, jasotako emaitza eta konklusioen baliagarritasuna eta fidagarritasuna aztertzean datza, azterketa esploratzailean ateratako konklusioetatik atzera eginez, hasierako hipotesiak egiazkoak diren frogatuz.

Adibide moduan, epaiketa baten bilakaerarekin alderatzen dira azterketa esploratzailea eta berrestailea. Azterketa esploratzailea testigantzak jaso eta frogak biltzea eta zer delitu adierazten duten zehaztea litzateke, eta azterketa berrestailea testigantzak eta frogak batera jarri eta ezarritako delitua frogatuta geratzen den aztertu.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, Exploratory Data Analysis (EDA) and Confirmatory Data Analysis (CDA).